argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2021eko uztailaren 19a

AITZAKIARIK EZ

Hemendik aurrera ez dago aitzakiarik. Izan ere, bertso saio bat zer den edota bat-bateko bertsolaritza zertan datzan jakin edo azaldu nahi duenak liburu bat izango du eskuragai. Bertsozale Elkarteak prestatu du, eta Joxerra Garziak, Jon Sarasuak eta Andoni Egañak parte hartu dute bertan. Hiru ataletan dago banatua. Lehenengoan, bertsolariei inguru sozio-kulturalak nola eragiten dien aztertzen da; bigarrengoan, bertsolariek bertsoa nola sortzen duten arakatzen da; eta hirugarrenik, bat-bateko bertsolaritza ikertzen lagunduko duen teoria bat aurkezten da. Ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz kaleratuko da liburua. Eta beraz, aitzakiarik ez da izango.


ZINEMAREN KIMUAK

LEHEN aldiz urtean bertan ekoiztutako hamaika film labur biltzen ditu Eusko Jaurlaritzak 1998tik urtero abian jartzen duen Kimuak programak. Euskal Herrian eginiko hamaika film horietatik, bat euskaraz, beste bat ingelesez eta gainontzekoak gaztelaniaz daude eginak. «Aizea, ciudad del viento», «Buenas noches papa», «El cepo», «Despedida», «Hombre sin hombre», «Hora cero», «El metodo», «Primera persona», «La primera vez», «Ultimo cuento eta «Ya no puedo caminar» dira hain zuzen programan dauden filmak. Kimuak egitasmoa Espainiako sei ekitaldietara eta nazioarteko 15era bidali dute dagoeneko. Eta erantzunak ere iristen hasi dira.


NAFARROAKO ARTE GAZTEA

IRUÑEKO Ziudadelako Mistoen Aretoan daude ikusgai Artista Gazteak lehiaketako irabazleen eta lehiaketan parte hartu zutenen obrak. Nafarroako arte gaztearen erakusgai, Gonzalo Nicuesa irabazlearen «Pequeña abstraccion geometrica» eta Luis Ramosen bigarren saria eskuratu zuen «Dejame en paz» obra daude bertan, besteak beste.


TAKOLO, PIRRITX ETA PORROTXEN LAN BERRIA

IKUSKIZUN berria estreinatuko dute Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek abenduaren 1ean Eskoriatzan. «Aupa Kintxo!» izenburupean, Nikaraguako eskola bat laguntzeko proiektu baten barruan dago kokatua. Izan ere, Kintxo, obraren protagonista den haurra, lan egitera behartua dagoen haurra da. Obran gainera, Nikaraguako dantzak, musikak eta jolasak daude.


EREIN NARRATIBA SARIA

HOGEITA bost urte bete dituela ospatzeko, Erein argitaletxeak Erein Narratiba Saria sortu du. Bi urtez behin emango den saria izango da eta Udaberriko Liburu Egunean emango da. Saria bi milioi pezetakoa (80.000 libera) izango da eta horrez gain, akzesit bat ere emango dute bigarren sari moduan. Saridun suertatzen den lana argitaletxeak berak plazaratuko du. Beraz, bi hilabete barru zabalduko da deialdia eta lehenengo aldiz saria 2003ko udaberrian emango dute. Berri hau Ereinek sortu zenetik 25 urte pasa direla ospatzeko Kursaalean eginiko jaialdian eman zen ezagutzera.


ARTIUM-EN ESTREINALDIA

GASTEIZKO Arte Garaikideko Artium Museoko lanak abenduan amaituko dira, eta ateak datorren udan zabalduko ditu. Hala ere, joan den astean gonbidatu berezi bat hartu zuen bere eraikinean. Izan ere, lehen aldiz egin baita Madrildik kanpo, datorren otsailean burutuko den ARCO azokako aurkezpena. Guztira, 256 galeriak hartuko dute parte azokan, horietatik zortzi Hego Euskal Herrikoak.