argia.eus
INPRIMATU
Donostialdea. Eolo eta Neptunoren zaintzapean
2007ko otsailaren 21a

Kontxa eta Pasaiako badiak

Euskal Herriko begiratoki ederren artean zoragarria, Igeldo mendiak Donostiaren inguruan ibiliko dugun bideari hasiera ezinhobea emango dio, Kontxari begira zein itsaso zabalari begira dituen talaiekin. Hirira Itsasargiaren Errepidetik jaistea gomendatzen dizuegu, bistak askoz hobeak dituelako. Behealdean, Donostia dotorea Kontxa ondotik zeharkatu eta Gros-Zurriola zonaldetik utziko dugu, Irun-Pasaia norabidean.
Tarte labur honetan dagoeneko, Euskal Herriko turismoaren hiriburuaren edertasun multzo luzearen zatitxo bat dastatzeko aukera izan dugu, baina hiri honen mirari ugarietaz gozatzeko (Alde Zaharra, hondartzak, kaia, Kontxaren aurreko etxebizitzak, Urumearen gaineko zubiak, lorategiak, Aquariuma eta abar luzea) denbora nahikoaz eta presarik gabe ibiltzea gomendatzen dizuegu.

DONOSTIA (I)
Donostia topikoz gainezka bizi den hiria da, gehienak kurtsiak baina baita merezitakoak ere: Easo Ederra, Ozeanoko Perla, Inguru Paregabea... Ukaezina dena zera da, Donostia dugula Euskal Herriko hiririk ederrena (Miarritzeri Igeldo faltako litzaioke, besteak beste), eta baita Europako politenetakoa ere. Hiria bera edozeinekin konparatzeko modukoa bada, zer esan badiarekin taiutzen duen osotasunaz, edota Igeldoko bista zoragarrietaz...


Historia pixka bat

Antzina jada bazegoen Urgull mendipean arrantza-herriska bat, Izurun deitzen omen zena. Erromatarren garaian Easo izenarekin ageri da. Era berean, Antiguan nekazal-gune bat ere bazegoen. Bertan San Sebastian izurritearen aurkako abokatuaren omenezko baseliza zegoen, izena hiriska osora zabalduz. Antso Jakintsuak XI. mendean hiri-forua eman zion.
Gaskoindar populatzaileen etorrerak (bertako toponimian eraginez) merkataritza eta arrantza bultzatu zituen, merkataritzan bertako portua Kantauriko garrantzitsuena bihurtu, eta balearen arrantzan Ternuara iristeraino. Kokapen estrategikoak gainera, gotorleku bihurtu zuen. Ondorioz, zenbait setio jasango zuen, baina arazorik handiena suteak izan ditu, XIII. mendetik 1813raino 12 aldiz suntsitu baitute hiria.
Bilboko portuak gora egitean, honen beherakada hasiko da, Caracaseko Gipuzkoar Konpainiaren sorrerak amaitaraziko zuena. Geroago, Napoleonen garaian, hiria frantziarren esku geratu zen, 1813an ingeles-portugaldar eta espainiarrek haiek botatzeko hiria erabat suntsitu zuten arte. Isabel II.aren garaian hiria berriz ere altxatuko da (1854tik Gipuzkoako hiriburu gisa), harresiak bota eta hiri modernoa eraikiz.
Gerra karlistetan liberalen alde jartzeak zenbait setio pairatzea ekarri zion, baina era berean Isabel II.ak Donostian udapasatzearen moda hasi zuen (Maria Cristinak jarraituko zuena), atzetik burgesia eta turismoa ekarriz. XX. mende osoan, gaur egun arte, Donostia eliteko turismoaren atsedenleku izan da (batik bat Belle-Époque ospetsuaren garaian), bertatik errege-erreginak, presidenteak eta ospetsu mordoa pasatuz.