argia.eus
INPRIMATU
ARTUROREN KAIERA
2021eko uztailaren 19a

«ESTILO LIBURUA» KALEAN

«Euskaldunon Egunkaria»k «Estilo Liburua»ren hirugarren bertsioa kaleratu du. Liburuak kazetarientzako edo norbanakoentzako hizkuntza egokia eta argia erabiltzeko aholkuak ematen ditu. «Euskaldunon Egunkaria»n idazteko arauak finkatzeaz gain, gramatika hutsen zuzenketak, 2.684 udalerriren izenak eta 600 mendiren izenak agertzen dira besteak beste. Patxi Petrirenak landu du «Estilo Liburua» «Euskaldunon Egunkaria»ko euskara taldearen laguntzarekin.


BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIAK HIRU MAILA

Pasa den astean Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordeak bilera egin zuen Bilbon eta Bai Euskarari Ziurtagiriak datorren urtetik aurrera hiru maila izango dituela erabaki zuen. Lehena, «Bidean», euskararen aldeko neurriak aplikatzen dituzten eragileentzat izango da; bigarrena, «Guk zerbitzua euskaraz», aipatu neurriak aplikatzeaz gaiz zerbitzua euskaraz ematen duten eragileentzat; eta hirugarrena, «Guk lana eta zerbitzua euskaraz», lana ere euskaraz egiten dutenentzat. Bestalde, Sakanako Plan Estrategikoa aurkeztu zuten joan den astean.


OSASUNGINTZA EUSKALDUNTZEKO KANPAINA ABIAN

UEMAk, ELA eta LAB sindikatuen eta Osasuna Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) «Osasunak euskaraz baleki» kanpaina hasi dute Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuei euskalduntzeko planak eskatzeko. Lau taldeek gutxieneko baldintzak jarri dizkiete plan horiei: lehen arreta zerbitzuei lehentasuna ematea, langileen adostasuna erdiestea eta herri euskaldunenetan premiazko neurriak hartzea esaterako.


EUSKARAREN ASTEA GETXON

Pasa den igandean hasi zen Getxoko Euskararen Astea. Euskararen Eguna, abenduak 3, ardatz duten jardunaldian egiten diren hirugarren aldia da. Ekitaldi ugari izango dira abenduaren 6a bitarte, Koldo Ameztoiren ipuin kontaketa, Kasketa Kabaretaren «Neskapolitan» emanaldia, Poxpolo eta Mokolo pailazoen saioa...