KONTZERTUA BERE AZKEN TXANPAN
Madrilgo Legebiltzarrak, Gasteizkoak, eta EAEko hiru batzar nagusiek onartu ondoren, abenduaren 31rako Kontzertu berria Espainiako buletinean argitaratua egongo da, baldin eta akordiorik badago. Eta egongo da. Ez dirudi Europako aferak egungo EAEko erakundeentzat horren garrantzitsua den tresna indarrean jartzea eragotziko duenik. PPk bere posizioa oso ondo finkatua du. Eta gehiengo osoa. Zerbaitetan amore ematekotan, oso interpretatiboa izan daitekeen zerbaitetan izango da. Ezkutuko negoziazioen oihartzunei helduz, halaber, kontzertu berriak aldaketa teknikoak izango ditu, baina ez aldaketa politiko handirik.
AUTODETERMINAZIOA BATASUNAREN ARDATZ
IRAGAN larunbatean milaka pertsonek autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten Bilbon Batasunaren deiari erantzunez. Burujabetzaren mezuan horrenbeste oinarritu gabe, Batasunak autodeterminazio eskubidea bere mezu politikoaren ardatz egin du apurka azken hilabeteetan, eta larunbateko manifestazioa izan da orain arteko horren irudi garrantzitsuena. Batasunak beste erabateko arazo asko izan ditzake, baina egindako lehen kale agerraldi handian jende asko biltzeko gaitasuna baduela erakutsi du.
ELA ETA BURUJABETZA
EUSKAL Herriak dagokion lekua har dezan, burujabetza prozesu bat bultzatu behar dela azpimarratu zuen ELAk bere 90. urteurrena ospatzeko Bilboko Euskalduna jauregian iragan larunbatean egindako ekitaldian. Gernikako Estatutua hilda dagoela eta gainditu behar dela berretsi zuen ELAk, 97an Gernikan barreiatu zuen bezala. Prozesu horrek zibila eta demokratikoa izan behar duela azpimarratu zuen Jose Elorrieta idazkari nagusiak. Beste zenbait helbururen artean, neoliberalismoak egungo euskal lan munduan sortzen dituen baldintza eskasei aurre egitea azpimarratu zuen
GATAZKA BIDERATZEKO EKIMENAK EUSKAL DIASPORAN
ASPALDIKOAK dira Euskal Herrian bizi den gatazka bideratzeko EEBBetako euskal diasporan egiten ari diren ahaleginak. Oraingoan, Boiseko -Idahoko hiriburua- Ordezkarien Ganbaran, Euskal Herrian autodeterminazio erreferenduma egitearen aldeko proposamena aurkeztuko du Dave Bieter ordezkari demokratak. Baiezkoa ateraz gero, Estatu hartako Senatuak onartu beharko luke eta hala balitz, Idahoko ordezkariek Washingtoneko Kongresuan eta Senatuan defenditu beharko lukete. Hilaren hasieran Javier Ruperez Espainiako enbaxadorea Boisen izan zen bertako euskal jatorriko zenbait agintarirekin eta eztabaida sutsua izan ei zuen haiekin. Hilaren 16ko ‘Deia’k eta 18ko ‘Egunkaria’k, zabal jorratzen dituzte aipatutako berri hauek.
AURREKONTUEN DANTZAN
BIZKAIKO Diputazioaren aurrekontuak aurrera aterako ei dira EAJ, EA eta PSE-EEren akordioari ezker. Gipuzkoan ere, Roman Sudupe diputatu nagusiak gauza bera lortzeko negoziazioak ireki ditu sozialistekin. Jaurlaritzako aurrekontuei dagokionez, ordea, PSE-EEk ez dituela onartuko jakinarazi du Nicolas Redondo Terrerosek. Nafarroan, aldiz, PSNk ezetza eman dio UPNk eta CDNk adostutako aurrekontu akordioari eta, beraz, agian iazkoak prorrogatu beharko dira.
EUSKAL DEPARTAMENDURIK EZ
JEAN Pierre Chevenement barne ministro ohiak 2000ko martxoan errezibitu zuen Iparraldeko auzapezen ordezkaritza bat. Auzapezek egindako eskariaren erantzuna eman zuen iragan astean Frantziako administrazioak. Michel Devret suprefetaren bitartez, Frantziako Gobernuak hurbileko administrazioa sendotze aldera, estatuaren ordezkaritza, euskara eta laborantza atalak azkartuko zituela aditzera eman zuen. Pirinio Atlantikoetako Andre Viau prefetak neurri hauen munta zehaztu zuen hurrengo egunean. Aipatu neurri administratibo hauek, administrazioa aspaldi honetan lantzen ari dela zehaztu zuen, eta Frantziako Gobernuak Euskal departamendua sortzeko inolako asmorik ez duela argi eta garbi utzi ere bai.