Aurreko astean amaitu zen Munduko Merkataritza Erakundeak egindako bilkura. Argi geratu da nork agintzen duen ustez demokratikoa den munduko erakunde horretan; izan ere, bere erabakiak aho batez onartzen dira, nahiz eta, herrialde txiroak herrialde aberatsekin dituzten zor handiak pairatuko ez balituzte, ez lituzketen orain sinatzera behartuta dauden akordioak sinatuko. Multinazionalak (munduko komertzioaren herenaren jabe) dira lobbyak sortzen dituztenak eta herrialde aberatsak presionatzen dituztenak beren dokumentuak idazteko, eta azken hauek dira MMEko negoziazioen oinarritzat erabiltzen direnak. Horrela uler daiteke 55 billoi pezetako negozioaz gozatzen duten multinazional farmazeutikoak medikamentuen patenteen jabetza intelektualari uko egiteari ezetza eman izana. Azkenean lortu da larrialdi egoeratan (hies, tuberkulosi, paludismo epidemiak) herrialde txiroei botiken fabrikazioa baimentzea patentearen jabearen baimenik gabe. Herrialde txiroek, hala ere, herrialde aberatsentzako onuragarria den mundu merkataritzaren liberalizazio handiago bat onartu behar izan dute