argia.eus
INPRIMATU
MANDIOKO HOTZA
Jakoba Errekondo 2001eko azaroaren 25
Epeletik ibili ondoren hotza. Eta etorri baldin bada etorri da bai, alazankoa! Mandio eta ganbara zabalak fruitu eta alez bete dira aurtengoan eta gaitzerdi... Udaberria ez da hain urruti sumatzen. Jatenetarakoak urrituko dira ordurako, baina hazitarakoek hortxe egon beharko dute hurrengo sasoia arte.

Hazitarako aleak udazkena eta negua iraun beharko du gero sasoi aproposa iritsitakoan ernetzeko pronto izateko. Ernetze hau behar bezalakoa izan dadin hazia non eta nola jaso da gakoa. Haziak ez du egutegirik ezagutzen, ezta behar ere! Udaberria azalean nabaritzen duenean abiatuko ditu ernetzerainoko lan guztiak: azaletik hezetasuna xurgatu, puztu, janari erreserbak eraldatu, ernemuina hazi, azala urratu, kimua garatu, sustraiak zabaldu eta abar. Nola sentitzen du, ordea, haziak udaberria? Hotzetik berorako aldaketa eta argitasunaren gorakadarekin, batik bat. Hona hemen hazia non eta nola jagotearen garrantzia. Hazia etxe beroan jasota badago udaberria iristean ez du berorako aldaketa hori nabarmenduko eta negua igaro gabe dagoela usteko duenez ez da ernetuko. Hotza edo freskura sentitu beharra dauka. Mandio eta ganbara irekiak, atariak, karrerak, etxe ordekoak, bordak, eilorrak eta abar. dira haziak neguan edukitzeko toki aproposak, berogailuetatik urrun eta izotzik gabe, baina tenperaturak hoztuko diren tokiak. Besterik ezean, hozkailuan eduki. Udaberria beste kopeta batekin hartuko du eta erne