Ez da Oiartzungo Ergoien. Berrogeita hamarreko hamarkadan Ergoiengo barberuenera biltzen zen gure aitona zena ostegunero bizarra egitera, bertan Uztapide zena lagun zuela. Ahal zutenean egun pasa egiten zuten elkarrekin, gure aitonak ni -artean mutil koskorra- zaintzeko plantak egiten zituelarik. Geroztik, Gabriel Arestik bere koplatan berritu zidan bizarrarena, euskara salbatzearekin lotuz. Xabier Amurizak ere «Gogor» diskoan kantatzen zituen, moztu edo kendu aditzaz kantatu hain zuzen. Eta hara non telebistaz ikasi dut Kabuldarrek beren askatasunaren adierazletzat-edo, bizarra darabiltela, bizargabetzea alegia. Orain Ergoienen ez dago barberurik eta oiartzuarrek beren etxeetan egiten dute bizarra Xabier Amurizak ez bezala, hau temati oraindik bizardun baita. Bere sorterritik hurbil, Durangon, aurki «Egun da Santi Mamiña»ren koplak entzungo dira bizardunen aldetik eta Kabulen ez bezala bizarrak luze utzi beharko ditugu euskaldunok navarristen erasoari aurre egiteko, nor zer garen eta nor eta zer izan ziren ahantzi ez dezaten. Ergoiengo barberua berpiztu ezean