Hitzen atzekaldean gure burua gordetzen eta zuritzen ikasi dugun garai honetan xarri-xarri entzuten den esaldi honek nauka harriturik: "Enpresari komeni zaionak irabaziko du partidua".
Mesfidantzaren munduan murgilduriko pilotazaleak badu ezertaz ez fidatzeko joera. Batzuk pilotalekuetatik patrikak ondo arinduta atera ohi direlako eta beste batzuri, bazekitelakoan, ustea erdi ustel gertatu zaielako. Kontua da oso zabalduta dagoela enpresak nahi duena egin ote dezakeen susmoa.
Dena den susmo txar hau gaur egun dabilen materiala ikusita ez da erabat harritzekoa eta pilota aukeraketari ematen zaion garrantzia da horren lekuko. Pilota batetik bestera dagoen aldeak ikaragarrizko mesedea ekar diezaioke pilotari bati eta alde bera zama astunegia gertatu beste batentzat.
Hitzen atzekaldean gordetzeke adibidea: Mikel Goñik Iban Otaegiren aurka neurtu behar baditu indarrak lau kuadro eta erdiko neurriaren barruan, Oronozkoak pilota fierroak, Fernando Arretxek esango lukeen bezala, edo gizon pilotak, edozein matxistatxok aipatuko lukeen modura, beharko ditu. Hainbesteko kolperik ez duena bigarren mailako enpresan dago eta beraz ez da komeni aurrera egin dezan: telebistan audientziak agintzen du, txarteldegitik pasatuko direnen kopurua kontutan hartu behar da, eta ze demontre, pilotazaleak nahiago du kantxan mekaguenlaputazka Oronozko idixkoa ikusi bertze edozein baino.
Eta esku-partidatan ez ezik berdin palaz, zestaz, remontean edo burura letorkizuekeen pilotaz aritzeko beste eraren batean. Dirua nagusi eta kirola bere morroi.
Zer egin ordea gure kulturaren parte den kirolari itxura serioagoa emateko. Tori eta hasi beldurrik gabe aitzakiak jartzen: pilotak homologatu eta bide Koldo Aldalur *
batez pilotalekuak ere arau jakin batzuetara moldatu, enpresekin zerikusirik ez duten pilota-hautatzaileak izendatu, txapelketak batzorde-antolatzaileen eskuetan utzi, enpresetatik ahalik eta urrunen, dagokien lana egin dezaten. Enpresa handi eta gainontzekoen arteko errespetua bultzatu...
Iritzi hauek ordea kilkerraren atze aldea baino etorkizun beltzagoa dute. Ez gaitezen engaina! Enpresek apostuetatik sortzen den dirutza gura dute, horretarako zenbat eta aldaketa gehiago partiduaren barruan hobe, piper eta gatzetan blai egindako idoloak sortuko dituzte komunikabideek audientziak gora egin dezan.
Iparraldean eta trinketean iaz egin zuten ahaleginak ere parregurea sortaraziko lioke hegoaldeko hainbat pilota-jauntxori. Pilotariak batu zituzten eta hauek izan ziren berezkoen mailan, maila nagusian, eta gainontzeko azpiko mailatan zein pilotari arituko ziren erabaki zutenak. Hemendik aurrera eta urte osoko emaitzen arabera pilotari batzuk bere mailan segituko dute eta beste batzuk maila galdu edo irabaziko dute. Mundu profesionalean nekez joko duen haize berria iparraldetik datorkiguna. Non ote legoke orain estelarretan ari den hainbat? Zenbat ari dira bigarren mailako partidak jokatzen "saltzen" ez dutelako.
Ez nuke bukatu nahi arestian hasitako historiotxoaren amaiera jakina gogoratu gabe. Otaegik hamabostean utzi zuen Goñi Arrigorriagan eta putakeria ederra egin bat baino gehiagori. Adio txapelketatik idoloari, adio sarrera salmenta izugarriari, adio audientzi maitagarriari... baldinbaitere berriro ere izango al da horrelakorik sasi-jakintsuak ipurdia airean dutela ikus ditzagun.
Koldo Aldalur. Kazetaria