argia.eus
INPRIMATU
UNIBERTSITATEA ZERTARAKO?
Iñaki Murua 2021eko uztailaren 19a
Egungo unibertsitatean, eskaintza anitzaren ordez leku denetan errepikatzen dena kurrikulum berarekin eskaintzea, hau da, globalizazioa, nahiz euskararen txokotasunezko trataera, beraz, eragin espainolizatzailea edo bertako demokraziaren nolabaitekotasunaz... ez naiz ariko, hori jorratzea politiko eta sindikalistei utziko diet nahiz eta, nire iritzia nondik hurbilago dagoen ikusten ez den zaila.

Ez da UPV gaixo dagoen bakarra ordea, beste batzuen artean, sistema amerikarrak dituen ezaugarriekin ere kritiko izan behar, nola ez! Erabat masifikaturiko unibertsitatea dugu hangoa eta okerrena dena, han emandako tituluak ez du ezertarako balio, gero, egundoko dirutzak ordainduta egingo duzun masterrak ematen dizu gaitasuna eta errekonozimendua. Unibertsitate pribatuek dute prestigioa eta horiek egiten dute negozio bikaina. Zertarako daude orduan hainbat unibertsitate «batzuk» bakarrik «balio» badute?
Nik uste, orientazio egokiaren jarraipena gauzatzea falta dela; unibertsitateak dituen edo izan ditzakeen bezeroen beharrei begira antolatutako kurrikulum akademikoa, bi xede nagusirekin:
- Ikasketa gustagarriak nola edukiz hala emateko eran.
- Irteera "profesionala" aintzat hartzen duten ikasketak.
Har dezagun kontuan, hamazazpi hemezortzi urterekin zer ikasi nahi duen erabakitzea oso zaila gertatzen zaiela ikasle gehienei. Besteak beste, ez dakitelako zer nahi duten edo nahi dutela uste duten hori zer nolakoa den benetan ez dakitelako eta, gainera, ikasketak amaitu eta gero zer irtenbide izango duten ere ez.
Hainbeste zalantzarekin hasitako ibilbidean ametsak zapuztea ez da harritzekoa. Datu fidagarriak eskuan hartuta, adibidez, Catalunyan Zuzenbide ikasketak egiten ari denak, zer ilusio eta itxaropen izan dezake, jakinda, Catalunyan Frantzia osoan haina abokatu dagoela?
Zer pentsatua ematen du karrera zail eta luzea egiten ari dena, zuzenean langabeziara joan daitekeela suposatzeak. Larria da benetan. Egokiagoa litzateke Lanbide Ziklo laburrak, irteera profesionala bermatzen dutenak egin eta, ondoren ekin karrera bati, horrela, batetik, heldutasun gehiago daukazu erabakitzeko eta, bestetik, aurreko ikasketak baliatzeko derrigortasunean ezarriko genuke unibertsitatea, egun, oso gutxitan gertatzen omen dena.
Egoera honi guztiari, nesken irteera aukera erantsi nahi nioke. Badirudi, gurasoentzat prestigio soziala suposatzen duela "gure alaba karrera egiten ari da" esateak. Aldiz, inori entzun al diozue "gure alaba iturgin, mekaniko, soldadore e.a. ikasten ari da» esaten? Edo ez da inor ari edo gurasoek isildu egiten dute. Baina, ez al dira gizarte honetan mekaniko eta iturginak beharrezkoak, ala? Nola garatu behar dugu berdintasuna, lanbide batzuk neskentzat edo mutilentzat bakarrik baldin badira? Baliabide teknologikoek, batzuk zein besteentzat ez al dute aukera berdintasuna hurbiltzen? Gutako askoren buruek ez dute hau hausnartu nonbait! Eta, nik dakidanez, nesken langabezi tasa dezentez handiagoa da mutilena baino, eta nire inguruan behintzat egin dituzten ikasketen eragin zuzena dute datuok