argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2001eko azaroaren 18a
Koldo Izagirrek idatzia da honakoa «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Francok motorista bat erabiltzen zuen -‘Pardo-ko motorista’- ministroen destituzioak eta izendapenak jakinarazteko. Motorista honek, halako batean, katedratiko ezagun baten etxera eraman zuen goi mailako falangista batenean utzi behar zuen telegrama, izen-deitura berekoak ziren biak. Horregatik egon zen urteetan ministro politikan aurrekaririk ez zeukan irakasle hura, Generalisimoak ez zuelako deus, omen, batekoz bestera egiten inoiz... Eta izendatu asmo zutenarekin desenkusatu behar izan zuten Movimiento Nacional-eko buruzagiek, esanez oker ulertze bat izan zela, baina Franco ez zuzentzearren ba... ministro utzi zutela! (...)
Iduri luke Lakuak kontratatu zuela noizbait Pardoko motorista, hari bezalaxe estali dizkiote behintzat oker eginak gure kultura sailburuek urtez urte antzerkian, liburugintzan, museo kontuetan, zineman... Horrela luzatu da egundaino gure kultura ofizialaren fartsa handia. Euskadi Literatura Sariek, berri samarrak izanagatik, hari luzea dute: batean editorial jakin batzuen interesak, bestean itzultzaile taldetxoen maniobrak, hurrengoan unibertsitateko irakasleen arteko faboreak... (...)
Nork daki zein bidezidor fantastikotan barrena eramaten ahal duen Lakuako motoristak gure Miren Azkarate! Gauden beha!».