argia.eus
INPRIMATU
Kepa Ibarra, Gaitzerdiko zuzendaria «Euskal antzerki propioaren bila gabiltza»
2001eko azaroaren 18a
Institutu garaian ohartu zen Kepa Ibarra ikerketaren bidetik zihoan antzerkiak erakartzen zuela. Antzerki garaikideak liluratu egin zuen erremediorik gabe. Getxoko Antzerki Eskolan eta Santurtziko konpainia batean lehen urratsak eman ondoren ikerketak eta frogak egiten hasteko unea zela sumatu zuen egun batean: halaxe sortu zuen Gaitzerdi taldea. Ordutik euskal antzerki propio baten bila dihardu lanean.

n Antzerki berritzailearen bilaketak nazioartera begira jarri zaitu beti....
Bai, beti kanpoko korronteetatik edan behar izan dut. Zoritxarrez hemen ez dugu oinarririk, euskaldunak diren ideia edo sustraiak falta dira. Gaitzerdi sortzean euskal nortasunaren adierazle gisa txalaparta eta halakoak sartzea folklorismoetan jaustea zela iruditu zitzaigun, ez genuen halakorik nahi. Horregatik euskal antzerkiaren bila abiatu ginen. Dena den, sekulako zailtasunak ditugu gaur egun ere horretarako. Oraindik euskaldunok izaera politikoa duen horma bat dugu aurrez aurre eta horrek itsutu egiten gaitu maiz. Nire ustez konpromiso politiko sendoak izatearen eta bide berriak bilatzearen ideiak ez dira bateraezinak. Hor daude Andaluzia edo Kataluniaren kasuak, hauetan antzerkiak sustraiak ditu, indarra eta konpromisoa. Osagai horiek guztiek ematen diote taula gainean egiten denari izaera propioa.

n Euskal Herrian antzerkia ere salerosketa produktu bilakatu delako izan daiteke?
Antzerkia, oro har, ia barrokoa den garai batean dago, alegia: denak balio du. Gaur egun antzezlan berean ikuslea entretenitzeko helburuarekin hamaika elementu erabiltzeko joera dago (bideoa, zinema, soinuak...). Nire ustez barroko garai honetan bada esentzia falta bat. Horregatik bilakatu dira antzerki talde asko ekoizle huts, esentzia eta sustrai falta izugarria dagoelako Euskal Herrian. Honekin ez dut esan nahi egiten diren antzezlanak txarrak direla baizik eta definizio edo esentzia falta zaiela. Baita Gaitzerdiren kasuan ere, ziur nago.

Lau hormarik gabe lan egiteak zer eskaintzen dio talde bati?
Kaleak konfiantza emateaz gain heldu egiten zaitu. Dena den, kaleak sarritan hotzak ere izan daitezke eta jakin behar da hori taldearen hobe beharrerako erabiltzen. Gaitzerdiri indarra emateaz gain kalitatea ere eman diola uste dut. Jaurti nahi duzun ideia guztia irensten dizu batzutan kaleak, mezuak askoz ere ahulago iristen baitira. Beraz, askoz ere zailagoa egiten da nahi duzun kalitatea lortzea.

n Antzerki taldeek arriskatzen al dute gaur egun?
Bai, oro har arriskatzen da. Gauza da talde motaren arabera jokoan dagoena oso ezberdina dela. Talde finkoek gehiago arriskatzen dute proiektuak porrot eginez gero taldeak bakar bakarrik egin behar baitio aurre horri. Askotan taldearen beraren biziraupena ere kolokan jarri dezake urrats oker batek. Ekoizle gisa aritzen diren taldeek, ordea, asko arriskatzen badute ere, ez dute euren biziraupena arriskatzen. Galera ekonomikoak izaten dira batez ere