argia.eus
INPRIMATU
IZPIAK
2001eko azaroaren 18a
Francisco Letamendia ‘Ortzi’ EHUko unibertsitateko irakasleak salatu egin du katedra bat ematerakoan irakaskuntza eta jakintza mailako irizpideak baino irizpide politikoak hartu direla kontuan, eta hala katedra Edurne Uriarte irakasleari eman zaiola. Modu ez ohikoan Letamendiak ez zuen ezta lehenengo froga pasatu, hori gehiengoak samur pasatzen duenean. Meritu akademikoen artean Letamendiak 12 liburu dauzka eta 12 urteko ikerketaldia. Uriartek liburu bat du eta sei urteko ikerketaldia. Uriarte PSEko kidea zen udara arte -baja eman zuen- eta ETAk eztanda egin ez zuen lehergailu bat jarri zion iaz unibertsitatean.
Iratxe Sorzabalen tortura salaketek zer esanik ematen jarraitzen dute. Torturaren Aurkako Taldeak jakinarazi duenez, salaketarekiko auziak berebidea jarraitzen du Madrilen. Horrez gain, Mertxe Agundez Arartekoak Europako Kontseiluaren menpe dagoen Torturaren Aurrikuspenerako Batzordearen aurrean aurkeztuko du kasua. Halaber, salatua Guardia Zibila denez, Espainiako Herri Defendatzaileari ere kasuaz ardura dadila eskatuko dio.