Daukat barrua. Ordenagailuaren aurrean jarrita, zertaz idatz nezakeenaren bila deus ere gustukorik gogora etortzen ez zaidala. Aitortu behar dut barrua hutsa baino, gogoa, idazteko gogoak joan zaizkidala Madrileko kotxe bonba eta Bilboko hilketaren ondotik. Bixente Ameztoi zendu berria nuen buruan. Haren aspaldiko irudia, aldizkari honen azalak egiten zitueneko garaikoa. Eta berarekin batera Rotu Astrain zenarena, astero Bixenteren lanaz arduratzen zenarena hain zuzen. Baina ezin. Urteak joan eta urteak etorri, kartzelak eta hilerriak lekuko amaitzen ez den zorabio batean bizi, eta sufrikarioa ingurutik aldentzeko gauza ez gara. Eta orain urte batzuk gizartearen aurrean genuen irudi on txukun hura xahutzen ari garela ikusten dut. ETAk arerio eta etsaiei hogeita hamaika eskura ematen diela ezker abertzalea zuzenki kriminaliza zezaten, bere proposamen politikoek gizartean inoiz lekurik izan ez dezan. Txokora eraman nahi gintuzten, eta nago guk ere txokora nahi dugula kideen arteko epelera, herritar soilengandik urrun baina herriari kantuka