argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2001eko azaroaren 11

GARZON: HURRENGOA NOR OTE?

1997-AN ekin zion Baltasar Garzonek HBko Mahai Nazionalaren aurkako operazioari, eta harrezkero ETArekiko harreman motaren bat finkatzen duen 18/98 sumario ospetsuan sartuta bata eta bestearen aurka jo du. Nagusiki ezker abertzaleko talde sozial eta politiko desberdinen aurka, baina baita beste era bateko mugimendu sozial edo enpresa kulturalen aurka ere. «Egin»en aurkako operazioa, Xaki, desobedientzia zibila, Ekin, Haika, AAB eta Senideak... Eta galdera latza, baina denon buruan dagoena zera da: eta hurrengoa nor? Garzon epailea ETAko presoen zenbait abokaturi begira dagoela aipatu dute Espainiako zenbait komunikabidek. Ezker abertzalean erakunde eta pertsona gehiago ere badago. Eta geroago beste norbaiti ere egokitu dakioke, zuzenean ala zeharka.


PP ETA PSE-EEKO ZINEGOTZIEN AURKAKO ERASOAK

HILAREN 3an Rosa Maria Torres Laudioko PPko zinegotziaren etxearen aurkako molotov koktelak bota zituzten. Bi egun lehenago Andoaingo senar-emazte baten etxeari antzeko erasoa egin zioten; suaren itzaltze lanetan ari zirela senar-emazteak erredurak izan zituzten. Andoaingo eraso hau, antza, akatsa izan zen, koktelak Jose Luis Vela PSE-EEko zinegotziaren aurkakoak baitziren. Hilaren 3an, halaber, Atarrabian bertako udaltzain baten etxeari bost molotov koktel jaurti zizkioten. Eraso honen ondorioz, Txema Jurado Batasunako zinegotzia Gobernu Batzarretik kanpo utzi du Alfonso Ucar Atarrabiako UPN alkateak.


UPN-REN ITSUSIKERIAK FORU LEGEBILTZARRARI

LEGEALDIAN zehar agerikoak izan dira Nafarroako Gobernuak Foru Legebiltzarrari egindako itsusikeriak. Azken boladan, aldiz, UPNko beste botere gune batzuetara hedatu da Miguel Sanzen Gobernuaren jarrera. Yolanda Barcina Iruñeko alkateak berriki (urriaren 30ean) egin dio itsusikeria Legebiltzarrari, Kultura eta Hezkuntza Batzordeak Gazteluko Plazako lur azpiko aparkalekuko eraikuntza lanei buruz berri eman zezan eskatu eta alkateak eskaerari muzin egitean. Ez da bakarra izan, dena den, azken boladan Tutera, Lizarra, Tafalla eta beste herri batzuetako UPNko alkateek jarrera berbera erakutsi dutelako Legebiltzarretik egin zaizkien agerpen eskaeren aurrean.


PP-REN XIV. KONGRESUA

ALDERDI Popularrak datorren urtarrilaren 25etik 27ra egingo du bere XIV. Kongresua. Honetan, lau ponentzia eta hiru komunikazio aurkeztuko dira. "XXI. Mendeko abertzaletasun konstituzionala" izenburutzat daraman ponentzia Maria San Gil Donostiako alkateordeak eta Josep Pique Espainiako atzerri ministroak egingo dute. Jaime Mayor Orejak, bestalde, «Dezentralizazio politikoa autonomien Estatuan" izenburuko komunikazioa aurkeztuko du.


UNIBERTSITATETIK TIRAKA

EUSKO Legebiltzarrak iragarri duenez, datorren urterako Eusko Legebiltzarrean izango da Hezkuntza Sailak bideratuko duen EAErako unibertsitate legea. Iragarrita zegoen bezala, Madrilek iragan astean onartutako legearekiko erantzuna da. Orain arte ere izan dira tentsio uneak Kontzertua, formazio iraunkorra, arrantza edota beste eskumen batzuk direla eta, baina krisi instituzional sakonik ez da ezagutu artean. Madrilgoa indarrean dagoela Eusko Legebiltzarrak lege berri bat onartuko balu, nolabaiteko krisia saihestezina litzateke.