argia.eus
INPRIMATU
Seminario berria zen
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 19a
Nazaretheko Jesus hil zuten adin berarekin lurreratuko dute Arantzazuko seminario berria, 1968an zabaldu zen hormigoizko erraldoi hori. Eta telebistan irudi zaharrak eta proiektu berrien maketak erakutsi dituztenean, 60ko hamarkadara joan zaizkio pentsakizunak 68an seminariora joan zen honi. Baina zein urte zoroak haiek!

Fraideak (ez frantziskotarrak bakarrik, pasionistak ere ibiltzen ziren gure herrian) baserriz baserri eskean, «babarrun pixka bat ba al duzu, etxekoandre, Jainkoaren izenean?». Francoren "25 años de Paz" haien ospakizunak pasatu berriak ziren. Eta desarroilismoak urratzen zituen gure herri, auzo eta parajerik politenak.
Arantzazura joan nintzenerako Aginagako eliza ttiki politari bere zimitorio-aterbe xarmagarria bota zioten, ondoan adreiluzko eraikin itsusi bat egiteko. 60ko hamarkada. Dena berri, dena hormigoi, dena handi, dena harrokeria. Seminarioak mukuru. "Norbaitek" gauez tarteka ikurrinaren bat ipini arren (eta "berdeak" atzetik), nork esan behar zuen frankismoa inoiz bukatuko zenik, edo urte haietan eraikitzen ari ziren fabrika asko laster pikutara joango zirela?
Zazpi urteren buruan ordea, Franco hil egin zen, eta seminarioen gainbehera ere hasi. Sekularizazioa, hauteskundeak, ikurrina, sexua, krisia... Europarrak ginela ez zen ohartu nonbait Arantzazu eraiki zuten guztien artean inor. Orain errauts bihurtuko da dena, baina beton horretan gastatutako milioikada erraldoiaren balantzea egin gabe desagertuko. Eta laster, harri eta burdin tartean kamioiren batek eramango ditu Aita Gandiaga eta biok barrankoan bildu eta kolegioaren hormetan landatutako untzak