argia.eus
INPRIMATU
SAGARRONDOAREN NAHIGABEA
Jakoba Errekondo 2001eko azaroaren 11
Alain Kleiber ingeniariak idatzitako artikulu egoki bat irakurri dut. Bertan frutarbolazaleak arbola hauen elikadura hiru faseen arabera arrazoitu behar duela dio. Fase hirukote hauxe: urteko fruitu emana, hazkundea eta datorren urterako prestaketa-antolakuntza. Usu, usuegi ahazten dugun azken hau gaurkorako.

Datorren urtea antolatzea, adarretako begiak lore-fruitu bilakatzeko gai izate aldera erabakiko duen garaian egoki elikatzeko aukera izatea da; eta datorren urte horretako lorealdia zabaltzerakoan beharrezko dituen jakien erretserba-meta, horixe... meta izan dadin, ez metatxorroa!
Garai erabakior hori toki eta barietatearen arabera ekaina erditik uztailaren erdialderainoko tartean abiatzen da. Bera eta bere frutuak hazteaz batera datorren urteko frutaldia prestatzen ari da. Beti ere soinean dituen frutuak lehenetsiko ditu; edozein ahuldade egoeran hurrengo urtekoak galtzea nahiago izango duelarik. Udaberriko lehen kolpea ziurtatzeko frutua eman eta hostaia bota arteko garai honetan elikadura oso garrantzitsua da. Zinka, boroa, magnesioa edo manganesoa bezalaxe nitrogenoa hostoetatik ematea oinarrizkotzat jotzen du Kleiber jaunak. Honelakoekin gure frutarbolak hobeto zaintzen ikasiko al dugu...