Jaione Apalategi Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien fakultateko dekanoak honakoa zioen «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Unibertsitatea kultura aniztasunaren isla bada, NUPen hezkuntza ereduaren ardatzetariko bat behar luke euskarak. Tamalez, gaur arte euskal hizkuntzaren auzia errektoretza taldearen meneko eztabaidagaia izan da. Eurek zehaztu dute euskararen hedapen maila, eurek diseinatu dituzte euskararen normalkuntzarako plan irrigarriak... NUPen ‘apartheid’ari iraunarazi diote; euskarazko hezkuntzaren aldekook bazterkeria kulturala pairatzera behartu gaituzte. Ez dute euskara unibertsitatean txertatu, eta gure hizkuntza eskubideak urratu dituzte. (...) NUPera heltzen diren gazteen %25 euskarazko irakaspenei heltzeko gertu daude; beste %15 bat halako hezkuntza ereduan barneratzeko saiakera egiteko prest leudeke. NUPeko 800 irakasle titularretatik 100 inguruk eman ditzakete euskarazko klaseak; oraino, 35 hezitzailek dihardugu halakoetan. (...) Objektiboki, gurea euskaraz jarduteko ahalmena duen unibertsitatea da. Errektoretzaren subjektibotasunak eragin du gaur arteko egoera aldrebesa. (...)
Unibertsitate eta erakunde zuzendariek entzungor egin diote nafarrek galdatutako gizarte eredu elebidunari. Lotsagarria da erakunde agintariak euren hizkuntza eta kulturaren aurka azaltzea».