Larraitzen 1971n jaialdi erraldoi bat antolatu zen. Garaiko komunikabide espainiarrak irakurriz, grinei emandakoen orgia izan zen hura. "Ostiela" aldizkariak bere 13. alean argitaratu zuenaren arabera, "Larraizko eskandaluzko akelarrea" gisa aurkeztu zuten "Pensamiento Navarro", "ABC" eta beste hainbat egunkarik, «droga, alkohola, sexua, ateismoa eta auskalo zenbat izugarrikeria-nahaspilaren orgia izan zela zabalduz". ZERUKO ARGIAren 544. zenbakian agertzen ziren pare bat lanek aditzera ematen zutenez ordea, gaupasa hura ez zen haraino hurbildutako gehienek espero zuten jaiaren laurdenera ere iritsi…
OPIOA LARRAITZEN
Izenburu esanguratsu horixe zeraman Imanol Uriartek argitaratutako lanak. Zer zioen bertan?
"Ilargiari galde egin behar, zertara joan ote giñan urillaren azken-gauan iru edo lau milla gazte Txindokipera. Neuk ba dakit zertara joan nintzan: euskal kantari batzuen saioak entzun, berekin bat egiñik neuk ere kantatu ahal izatea eta euskal-berotzea ere bai, egia esan. Eta alde honetatik artu nuen ikaragarrizko masailekoa!".
Ene! Zer gertatu ote zen? Bada, dirudienez, hauxe: "Irakurle: ez ba dakizu ere, esango dizut elbiak eztietara biltzen diren gisan joan ginela Larraitzera gau-pasa egitera. Ez zan presarik urrengo eguna ere jai bait zan. Artu gure tresnak eta aruntz, ez ehunka, millaka baizik. Illargi-bete giro hartan, Txindoki mendiak itzala uzten zuen eta itzalean, gazte jende pilla. Jende harek betekaz ase egin zuan parajea eta antolatzailleen asmoak motz geratu ziran. Hura euskaldun pilla! Zertarako? Berriz ere egiten dut galde. Izan ahal diteke jai-antolatzaillerik, Larraitzen bildu zen jendetza ikusiz gero, hain egokiera aparta galdu dezakeanik? Izan ere zer eskeini zitzaion, gau oso osoa berea zuen euskal gazte jendeari? Belarra, etzan zedin, ardoa, edan zezan eta euskal-berotasunik batere ez. Beste halako unea arrapatzen kostako zaigu. Ez erromeriarik, ez euskal doiñurik (abeslarien saioak etziran entzuten ere, altaboz kontua motz gelditu zalarik). Itz gitxitan esateko, euskal senarik ez. Hura opioa!".
Hau ez zen oso pozik geratu, behintzat… Nolakoa izango ote zen bere haserrea, honela zuzentzen zitzaiela festa antolatu zutenei: "Mesede bat eskatuko nizueke Larraitzeko antolatzailleei: Holako jaiak euskaldunak behar dute izan eta horretarako gauza ez ba zerate, joan zaiztezte Kaliforniara eta hippyekin batean antola ezazue pop-jai ‘internazional’en bat".
BAKOREN OHOREZKO JAIA
Z. ARGIAren zazpigarren orrialdean zetorren hori. Hiru orrialde geroago, Luis Haranburu-Altunak idatzitako "Larraitz-1971" aurki zitekeen. Zer ote zioen hark?
"Hiru mila pertsona, Euskal Herriko eskualde orotarik. Goierritarrak nagusi. Korbatadunak batzuk, gabeak besteak. Langileak ugari. Autoak ezin konta ala, aldrebes jarriak eta batzuek besteei enbarazo eginaz. Laiona non nahi eta beti Txindoki harriaren pean. Zutik, jarririk edo etzanik, hiru mila pertsona haiek, lainoz inguraturik multzo ziren, masa bat osatzen zuten. Jaialdia, Larraizko hermitaren alboan, Txindokiren oinean izan zen. Gaua zen oso, gau argi eta terraltsua. Han eta hemen suak pizturik, terralean isladatzen ziran irudi magikoak, sukarraren isladak. Misterio giroa ausnartzen zen Larraizko gau gorrian".
Horrelako sarrerak jakinmina pizten dio edonori. Txanponaren beste aldea eskainiko ote zuen honek? Bada… zuek esan.
"Laburki eta lehiatuki eman daiteke jaialdiaren berri. Hauek izan ziren abeslariak: Mikel Laboa, Arze anaiak, Benito Lertxundi, Amaya. Anton Haranburu, Lazkano, Enarak... Eginahalak egin zituzten abeslariek. Lealki erantzun nahi zioten han bildu zen jendetzari. Baina eztarriak urratu arren doinuak eta musikak ez ziren klarki eta behar hainbat entzuten".
Gauzak horrela, ulertzekoa da jendearen haserrea. Luis Haranburu-Altunak zioenez, gazte jendea zen han gehiena, 18-19 urtekoa, eta "askatasunaren lilura zuten. Familiaren girotik at, lantokietako menpetasuna ahazturik lurrean etzanik zeuntzaten desgarairen ardurarik gabe. Egungo gazteriak, euskal mitologia berezi eta konkreto baten jarraipena eten du. Bere festa guztiak ez dira gure arbasoen festa moldeetan asetzen. Akelarre hitzak ez du lehen hainbat indar eragile. Euskal mitoak aldatuz doaz; Herri pentsaera berri baten aurrean gara. Haschisch, LSD eta beste drogak ohizkoak dira hippi-en jaieldietan. Larraitzen ere ba zen drogarik, baina droga hori euskal droga jatorra eta ustez inozentea zen: ARDOA. Asko edan zen han, agian hotzak eta giroaren ezkoak eraginik. Zigarrorik ere erruz. Festa ‘garbia’ izan zen. Apenas dantzarik egin zen, musika ez zen dantzarako atxakia, musika bere jatorrean eta doinu soil bezala jaso zen".
Ez dakit zuei, baina niri behintzat antzinako akelarre mitiko haien nostalgia izugarria eragin zidan Larraitz 1971ko gau-pasaren deskripzioak…
Halere, gaitzerdi, "zenbait gaztek izadiaren zentzuna aurkitu zuen, eta gauaren misterio ezkutuari auteman zion". Ez da gutxi!