argia.eus
INPRIMATU
KOFRADIAK
Jose Ignazio Ansorena 2001eko azaroaren 11
Bigarren aldiz eskaini didate «Kofradia» bateko kide izatea eta bigarren aldiz ezetz erantzun dut. Bietan, neurri batean, penatuta, ohore hori eskaintzen zidatenak estimatzen nituelako eta gogorik onenez egiten zidatela banekielako.

Ez naiz ari noski garai bateko artisauen edo langile batzuen kofradietaz (Arrantzaleena ezagunena gaur egun) edo Aste Santuan segizioak antolatzen dituzten horietaz. Azken hamar urteotan perretxikoen antzera ugaldu diren «Kofradia Gastronomiko»ei buruz ari naiz. Babarrunak, bakailuak, izokinak, txitxardinak, sagardoak, urdaiazpikoak... edozein jakik badu bere Kofradia gaur egun.
Niri ondo iruditzen zait Kofradiak eratzea. Jendeak ondo pasatzea gustukoa dut. Gehiago esango dizuet, iruditzen zait tankera horretako antolamenduetan aitzindari izan naizela lagunekin batera. Oso gazte ginela eta politikako guztiz bestelako giroan, gure kuadrilak «Gudari probisionalaren eguna» («Alferez probisional»ena oso ezaguna zen oraindik) antolatzen zuen. Mutilak traje-korbata eta neskak gonak eta braga-titizorro handiak jantzita joan behar izaten genuen. Ikurrina handia eramanda, haren azpian zeremonia luxuzkoa egiten ohi genuen: Himnoa txistu-danbolinez jo, Agurra dantzatu, diskurtsua eta bazkaria. Inork gutxik ulertzen zuen gurea, hala ere. Batzuentzat matxinada zen eta besteentzat errespetu falta. Guk, aldiz, serio demonio eratzen genuen -itxuraz- eta barre handiak egiten isilkara.

Hori bakarrik ez. Nahaspila politikoak baziren gure kuadrilan beste askotan bezala. Eta izkutuko bilerak egin behar izaten genituen. Oso kontu grabeak zirelakoan bageunden ere, umore zentzu bera erabiltzen genuen. Bagenituen -biltzen ginen elkarteko armairu zahar batean aurkituta- antzinako igerilarien bainu txapela mordoa. «Hurbilketa txanoa» esaten genion, zergatik ez dakidala. Gehienetan gaztelaniaz: gorrito de aproximación. Hura jantzita, pertsonarik serioena barregarri geratzen zen, ederrenari ere babu aurpegia uzten baitzion. Ez dakit noiz edo nola sortu zen ohitura: bilera garrantzitsu haietan hitza hartu ahal izateko txanoa jantzita behar zen. Amorru handiko kontuak ibiltzen genituen, kuadrilako batzuk espetxean zeuden, gurean «salatari» bat ote zegoen susmoa zabaldu zen, baita «txibato» hori seinalatu ere. Hitz egin nahi zuenak, ordea, «Hurbilketa txanoa» jantzi behar zuen. Bestela mutu.

Horregatik denarengatik esaten dizuet gustukoa dudala «Kofradia»k antolatzea. Baita «Sanedrina»k ere. Edo «Komisio»ak (Bilera liskartsuetan, tentsio une latzak mozteko, famatua zen esaldi absurdu hau: «Udako gauetan batzar gaitezen Komisio bat eratzea proposatzen dut»), «Patronatu»ak, «Banku»ak, «Sinodo»ak, «Kolektibo»ak...
Gehiegizko eta itxurazko solemnitatea baino gauza barregarriagorik ez dago. Horregatik egiten dugu barre horren gustura zeremonia ponposo bateko gidariak estropoz egin eta muturrez aurrera erortzen denean. Zenbat eta harroputzago gidaria, zenbat eta zeremonia itxurosoago, orduan eta barre handiagoak.
Hau idatzi eta gero ez dut uste inoiz gehiago inongo Kofradiako kide izatea eskainiko didatenik. Baina, bada ez bada ere, ezetza errazteko trikimailua asmatu dut. Lagunen artean Kofradia bat antolatu behar dugu, Puzkerraren Kofradia. Eta bertako kide izateko exklusibitatea beharko da. Horrela aitzekia paregabea izango dut etorkizuneko eskaintzen aurrean.
Agian hurrengo batean kontatuko dizuet zertan den Kofradia berria