argia.eus
INPRIMATU
GERRA HEGAZKINAK
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
TXANPONA

GERRA
HEGAZKINAK

Hegazkin estatubatuarrek Afganistan bonbardatzen duten bitartean, Pentagonoak Lockheed Martini esleitu dion historia militarreko kontratu altuena eman du aditzera: 3.000 borroka hegazkin berri, 1.763 aire indarrentzat, 480 armadarentzat, 609 marineentzat eta 150 Erresuma Batuarentzat, guda lotsagarriak erakutsi bezala, EEBBen aliatu onenarentzat. Hegazkin bakoitzak 5.000-7.000 milioi pezeta balio du. 200.000 milioi dolarreko fakturazio ziurtatua esan nahi du horrek; esportazioekin bikoiz liteke. Dagoeneko, badira programarekiko interesa agertu duten herrialdeak. Edozein egunetan Aznarrek ere agertuko du. Arma enpresa handiak sustatzen dituzten bitartean, "demokrata" eta "bizitzaren defendatzaileek" zera ahazten dute: munduan egunero 1.200 milioi pertsona dolar bat baino gutxiagorekin bizi da eta milioika pertsona gosea, hiesa eta kasu askotan Afganistanekoa bezalako gerrek eragindako beste gaixotasunak direla-eta hiltzen dira. Hobe bilioi pezeta horiek goseari eta gaixotasunei aurre egiteko erabiltzea eta ez armetan. Ez al dute bizitza defendatzen dutela esaten?