Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu Jose Ramon Beloki legazpiarra 10 urterekin sartu zen Arantzazun, 1957an, eta fraide izateko ibilbide osoa egin zuen (Forua, Erriberri, Zarautz eta Arantzazu berriro) 20-21 urterekin abitua uztea erabaki arte. "Telleriartetik sekula ez bueltatzeko asmoz atera nintzen, baina nire urtean hasi ziren udan hilabeteko oporrak ematen etxera itzultzeko. Bestela, gerra ondorengo garai latzak ezagutu nituen han: amerikarren gazta horia eta esnea, Gomistegi baserrian lan asko egin nuen... Oso belar motxean bizitzen ohitu ginen" adierazi digu.
Bere anaia Julian, (Euskadi Irratiko zuzendaria) bederatzi urte gazteagoa izanik, 1966an joan zen Arantzazura anaiaren adin berarekin eta batxilergorako sei urteak egin zituen han. "Jaio nintzenean anaia Arantzazura joan zen, uda aldean bakarrik ikusten nuen eta hara joan nintzenean berreskuratu nuen anaia" dio. Familian fraide batzuk bazituztela gogoratzen du eta Aloña Mendiren beste aldera jotzea pauso naturala izan zela dio, baina aldi berean aldaketa handia: diziplina gogorra, talde handia, barnetegi bizimodua (jan, ikasi, kirola, poztu, negar egin, dena bertan).
Arantzazuko seminarioaren urte onenak ezagutu zituen Jose Ramonek, ikasle kopuru handiena izan zuenekoa. Baina gainbehera ere ezagutu zuen. 1967-68 urteetan gizarteak bizitu zuen aldaketa, politikak hartu zuen garrantzia eta elizak izan zuen krisiarengatik ikaskide ugarik (Jose Ramonek adibidez) fraide izateko bidea bertan behera utzi zuten eta fraide ziren asko ere atera egin ziren. «Jakin» aldizkaria Donostiara aldatu zenean bertan aritzen zen. Julianek Erriberrin filosofia ikasten beste bi urte egin ondoren utzi zuen fraiderako bidea 18 urterekin, latina, euskara, musika eta beste gauza asko ikasi ondoren.
Jose Ramonek ez du bere garaiko ikaskideekin harremana mantendu, baina bai bertan bizi diren frantziskotarrekin familiarengatik. Julianek Gomistegi baserriarekiko lotura handia du. "Istripu larria izan nuen. Siloan belarra zapaltzen ari ginela pozoindu egin nintzen eta azken igurtzia eta guzti eman zidaten. Beharbada horregatik joaten naiz oraindik tarteka" gogoratzen du. Irratiko lanaren bidez ere harreman handia du fraide batzuekin eta artikulu bat idatzi du Arantzazu eta komunikabideei buruzko libururako. Fraideak faltatzen direnerako sortu nahi den Arantzazuko adiskideen elkartea oso garrantzitsutzat jotzen du Jose Ramonek. "Arantzazuk jarraitu behar du, fraideekin edo fraiderik gabe, erlijio, kultur eta natur gunea izaten. Hiru adar horiekin etorkizunean zeregin garrantzitsua izan behar du Gipuzkoan eta Euskal Herrian" erantsi zuen Jose Ramon Belokik. Horretarako aurreko ikastetxe zaharrak bota eta eraikuntza berriak altxatzea ezinbestekotzat jotzen du. Julian ordea, Arantzazuren beherakada ikusita, ez da oso baikorra, baina paisaje eta arte aldetik duen erakarmenagatik bere izaerari eutsiko diola uste du