Asma (edo arnasestua) arnas patologia kroniko oso usua da gaur egun, mendebaldeko herrietan umeen %10 inguru gaitz horrek jota baitaude. Gaixotasunaren intzidentzia bikoiztu egin da haurren artean hamar urteren buruan. Eta hazkunde horren egiazko kausak oraindik ere oso ongi ezagutzen ez diren arren, espezialistek ingurumenaren kutsadura eta haurdunaldia bitartean amak erretzea aipatzen dituzte faktore posible bezala.
Asma da adin pediatrikoan urgentzietara joateko arrazoirik usuena eta lehen mailako atentzioan bosgarren kontsulta-arrazoia. Bestalde, pneumologiako zerbitzuetan artatutako larrialdien %60 asma-kasuen larriagotzeak direla pentsatzen da, kasurik gehienetan agindutako tratamendua behar bezala ez betetzeagatik. Esan beharra dago asmatiko bezala diagnostikatuak izan diren umeen %65,8 hautsari, etxeko akaroei edota polen edo lore hautsari alergikoak direla.
Pneumologoek ez dakite ziur zergatik gertatu ote den haurtzaroan asma-kasuak horrenbeste ugaltzea. Dena den, Donostiako Ospitaleko haur-pneumologoa den Perez-Yarza doktoreak dioenez, ikerketa batzuetan poluzioa eta produktu kimikoen toxizitatea aipatzen dira ugaltze horien arrazoi bezala. Kontuak kontu, eta gauzak erabat argi ez dauden arren, ume horien osasuna delikatu samarra delako erdiak baino gehiagok eskola-atzerapenak izaten dituzte (gero berreskuratzen badute ere maila normala), eta %58an eskolara huts egitea oso gauza usua izaten da