EUSKAL ESKOLA XEDE
«Euskal Herriak bere eskola» abiatu berri da, hainbat ikasle, irakasle eta gurasoren ekimenez. Ekimenak azken hamarkadetan ikastoletan, eskola publikoetan, helduen euskalduntzean egindako lana oso garrantzizkotzat jotzen badu ere, urrutirago joan beharra nabarmendu du, beti ere euskal sistema propioa erdiestearren. Hala, elkargunerako guneak sortuko dituzte herrietan, tokian tokiko behar eta helburuak finkatzearren.
PP-REN UNIBERTSITATE LEGEA EZBAIAN
Espainiako Kongresuak onartutako Unibertsitate Legeak kritika ugari eragin ditu euskal sindikatuen eta unibertsitatetako errektoreen aldetik. EHUko errektore Manuel Monterok adierazi duenez, hizkuntza normalizaziorako oztopo izango da lege berria, ez du euskal adarren segida bermatzen. EILASek ere euskararen garapena zailduko duela adierazi du. Bestalde, aipatzekoa da EHUko ikasleek grebara deitu dutela azaroaren 14rako.
NAFAR PARLAMENTUA UPN-REN HIZKUNTZ POLITIKAREN AURKA
UPN izan ezik, Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek Miguel Sanzen Gobernuaren hizkuntz politika kritikatu zuten, urriaren 26ko bilkuran. Era berean, aipatu alderdiek gobernuak UEUk duela hogeita bost urtetik Iruñean egiten ari den ikastaro eta ekintzak finantza ditzan eskatu zuten. UPNko bozeramaile Alberto Catalanek Nafarroako Gobernuaren politika egokia dela erantzun zuen eta uda ikastaro ofizialen kopurua handitzea bermatu duela adierazi.
INFORMATIKA ETA INTERNET HIZTEGIA
UZEIk «Informatika eta Internet Hiztegia» osatu du. Guztira, 2.310 kontzeptu biltzen ditu eta gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak ematen ditu. UZEIk 1993n kaleratu zuen lehen informatika hiztegia, baina ordutik informatikan eta Interneten izandako aldaketak bultzatuta, eguneratzeko beharra sumatu zuten.