Zer da «Aingurak erreketan» Jon Benitorentzat?
Beno, ni neu, azkenean nitaz idazten baitut, ongi ezagutzen dudan bakarra naizelako. Bestalde, nire lehen liburua da, eta horrelakoak beti dira garrantzitsuak egilearentzat. Hala ere, harrigarria da liburu honekin gertatu zaidana. Duela bi urte, hasierako originala entregatu nuenean, ziur nengoen eramango nuen bideaz, pentsaeraz eta abar guztiaz. Orduan zalantzei buruz idazten nuen. Orain, berriz, ia denetaz zalantza egiten dudanean, ziur nagoen gauza apurretaz idazten dut: maite ditudan pertsonez, sentitzen ditudan beldurrez edo lagunen heriotzaz. Hori da defendatzeko dudan hondarreko zutabea.
Zertarako balio dute poemek, zure iritziz?
Batzuetan oroitzeko balio dute, geroko bidea zuzentzeko, eta maiz, nortasun dardarak uxatzeko. Barkatzeko ere balio dute poemek, bataila zaharrak oroitzeko, honaino iristeko harturiko erabaki txikiak aztertzeko. Edota benetan nolakoak garen somatzeko.
Aingurei eman diezun esanahia azalduko al zeniguke?
Aitonak ainguraren tatuaia du besoan, arrantzale izandakoa da aitona. Guk aingurak erraietan ditugu, Arkaitz hil zenetik, Mikel eta Gartzen Soto del Realera eraman zituztenetik. Hesteen korapiloak dira aingurak erraietan. Aingurek balantza ezin ekidin ahal duten oreka bilatzen dute. Oreka ez perfektu bat. Ontzi bat ainguratzea, zakur bat lotzea bezala da. Pertsonak gartzelaratzea bezala. «Aingurak erreketan» bitan uler daiteke: lehenak talka azpimarratzen du, leku desegokian bizi garenaren sentsazioa. Baina bigarren zentzu ezkutuagoa ere badu: bidea egiteko, pasibitate zoriontsuaren bazterketa. Aurrera, beti aurrera, ahaztura deritzon lekura.