argia.eus
INPRIMATU
SEKO LO
Jakoba Errekondo 2001eko azaroaren 04a
Urkiaga nagusia den paisaietan ibili berria naiz, landa-museo batzuk kuxkuxeatzea aitzakia. Urkiak, neure moduan, garunak, batzuk urtzeraino, hotz-hiltzen dituen beroa baino giharrak tenkatzen dituen hotza gustukoagoa du.

Urte sasoi honetan egunaren erdia baino gehiago termometroa zeropean dabilen toki hauetan pinu eta izeiak ez beste, urkiatar gehiengoa eta beste ezki, lizar eta hostazuri hosto galduzaleak soildu, larrubizitu dira neguaren zain. Laister dira lo, seko lo, haren magalean.
Urkia ezaguna dugu Euskal Herriaren iparraldean, isurialde atlantiar osoan, alegia. Kaikuak egiteko zura paregabea eta lur sailetako jabegoaren ertzak zaintzen dituzten etxearen teila-zatien gaineko mugarriak urrutitik antzemateko azal zurizta nabarmena ditu.
Mesede gutxi eta etekin eskasak emango dizkigu, nonbait, urkiak. Gizakiok, euskaldunok, sortzen dugun kutsadurak gero eta gehiago berotzen baititu lurra, airea, ura... dena, baita gure espeziea betirako erreko duen sua ere. Hau dela eta urkia iparralderuntz doa, ihesi, hotz premia asetzearren, guregandik urrunduz...