argia.eus
INPRIMATU
«Orduko jauntxo musulmanen kontrako poesia da»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nor dugu Omar Khayyam?
XI eta XII. mende inguruan Pertsian bizi izan zen poeta. Kulturalki ezinbesteko erreferentzia izan da azken berrehun urteotan, Ekialdeko eta Mendebaleko kulturen arteko zubi izan zelako bere lana. Oso berezia izan zen gizon hau, Leonardo da Vinci-ren moduan, arlo guztiak menderatzen baitzituen: poeta izateaz gain, zientifikoa zen, astronomoa... Zoritxarrez, bere liburu hau besterik ez da ailegatu guganaino, eta hau ere justu-justu...

Non ote dira benetazko «Rubaiyatak»?
Batzuk diotenez, Omar Khayyamen benetazko eskuizkribua «Titanic»ekin hondoratu zen. Auskalo. Horrek ez du garrantziarik, bere poesia lana euskaratua daukagula baizik. Esango nuke Omar Khayyam iraultzailea izan zela, hitz hori XI-XII. mendeetarako erabiltzerik ez dagoen arren. Iraultzailea izan zen, ene ustez, garai hartako jauntxo berri musulmanen kontrako poesia egin zuelako. Beraz, ez dugu pentsatu behar, Oriana Fallaci kazetaria bezalakoen klitxean eroriz, poeta musulman bat zenik. Bere bizitza axola zitzaion hari, eta bere poemak autobiografikoak dira: ardoa azaltzen duenean, bera horditu delako da; neska batez mintzo bazaigu, berak pertsonalki ezagutzen zuen haragizko pertsonaz ari da; eta Coranari buruz hitz egiten duenean, edota mezkitara ez doala adierazten badu, bere bizitza ari zaigu kontatzen.

Ez ei zuen «Rabaiyatak» argitaratzeko asmorik. Zergatik?
Beste arrazoien artean, heriotz epaia ezarriko ziotelako edo kartzelara sartu bestela. Zergatik euskaratu dudan? Bada, izugarri gustuko dudalako Omar Khayyam eta bere lana euskaraz edukitzea derrigorrezkoa iruditzen zaidalako