Idazlerik handienetako bat zuten Robert Laxalt Nevadan. Euskaldunen ahotsa izan zen estatuan eta EEBB denetan. Horrelaxe onartu zuten «Sweet Promised Land» (1957) argitaratu zenez gero. Liburuko lehenengo hitzetan asmatu izana azpimarratu ohi zuen beti idazleak: "Urte bete baino gehiago saiatu nintzen narrazioa hasten. Baina alferrik. Hartu papera, idazmakinean jarri, idatzi, zirriborroa egin eta zakarrontzira. Behin eta berriz. Ezin asmatu. Etsitzeko zorian nengoen. Beste behin saiatu behar nuela erabaki nuen, eta idatzi nuen: 'Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea'. Eta orduantxe, horixe idatzi eta ohartu nintzen nobela idatzia nuela".
Berealdiko arrakasta izan zuen liburuak. Harrera aparta egin zioten nola euskaldunek hala euskaldun ez zirenek. "William Douglassek esan bezala, inmigranteen seme-alabak -italiarrak, espainolak, frantsesak...-, liburuko hariaren prozesuarekin identifikatu zirelako". Laxalti ospea eta sona handiena eman zion lana da «Sweet Promised Land», edo, «Dominique». Bertan, Robert Laxalten aitak, Dominiquek -Zuberoatik Nevadara artzain joandakoak-, atzera Zuberoara egiten duen ibilaldia kontatu zuen idazleak. EEBBetako mendebaldeko irudiak eta Euskal Herrikoak ageri dira liburuan, nahasirik. Bizi guztiko, sinonimo izan ziren Laxalt eta «Sweet Promised Land». William Douglassek adierazi izan duenez, "liburuak Laxalt definitu zuen; are gehiago, itxura eman zion ordura arte ilunpetan bizi izan zen komunitateari: euskal-amerikarrak".
Alemanez eta frantsesez ere argitaratu zen obra, eta euskaraz ere bai, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulirik: «Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan» (1988). Ondoren, kontrabando istorioa osatu zuen Robert Laxaltek, «A Cup ot Tea in Pamplona» (1985). (Euskaraz, tea gabe kafea izan zen izenburuan: «Kafea hartzea Iruñean»).
Trilogia ondu zuen harrezkero, Indart familia ardatz harturik: «The Basque Hotel» (1989), «Child of the Holy Ghost» (1992), eta «The Governor’s Mansion» (1994). Aldez aurretik ere, gogoan erabili zuen aitaren sorterria fikziozkoak ez diren beste zenbait liburutan ere: «In a Hundred Graves: A Basque Portrait» (1972), «A Time We Knew: Images of Yesterday in the Basque Homeland» (1990).
«Sweet Promised Land»ez gero «Mr. Basque» titulua jaso zuen Robert Laxaltek EEBBetako Mendebaldean eta mugatu ere egin zuen titulu horrek idazlea. Izan ere, kritikoen arabera «A Man in the Wheatfield» (1964) izan zuen, literaturari gagozkiola, obrarik sendoena; hala ere, ez salduena eta ez ezagunena ere.
Bizi hondarrean idatzitako liburuen artean ditugu «Dust Devils» (1997),»The Land of My Fathers: A Son's Return to the Basque Country» (1999), «Time of the Rabies» (2000) eta «Travels with My Royal: A Memoir of the Writing Life» (2001)