Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza kontseilariak ezagutzera eman duenez, lau urtetan babes ofizialeko 25.300 etxe merkaturatuko ditu. Etxe hauen erdia baino gehiago ahalmen ekonomiko txikia duten familiei bideratuko zaie eta beren alokairua 30.000 pezetatik beherakoa izango da.
Koldo de Marcos preso donostiarra kalean da jada, bere bizitzako azken 21 urteak espetxean eman ondoren. Espetxe ugari ezagutu du eta azken 10 urteak Murtziako espetxean egin ditu.
James Favre herritar frantziarrak ekarri zuen antraxaren alarma Euskal Herrira. Donibane Lohizuneko postetxean hauts zuria zuten bost gutun agertu ziren iragan astean, Favrek txantxa gisa bere bost lagunei bideratutakoak. Sortutako izuagatik, epaileak hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio.
Mario Onandiak aurkeztu du jada sozialisten barne eztabaidarako bere txostena. Estatutua elkarbizitzaren ardatz gisa agertzen du eta autoderminazioaren edozelako eztabaidaren aurkako posizioa plazaratu du.