argia.eus
INPRIMATU
IZOTZ AURREKO EGUZKI
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2007ko otsailaren 21a
Etxe ondoko plantanoak horitzen hasiak dira eta hostorik ihartuenak lurrari entregatzen dizkiote haize hegoari hotsa emanez, jubilatuak eta haurrak orbelak kraskatuz jolastu daitezen. Egunsentian tiroren bat entzunen duzu, epel aldera jo nahi duten lehen usoak azaldu direla abisatuz, baina bandadarik ugarienek Europako lautadetan segitzen dute, izotz bezperako azken arta aleak presaka irentsiz, Donostiako itsas bazterrean etxekoandre, zahar eta elbarriek negu aurreko eguzki hondarrak bereganatu nahi dituzten bezala.

Kabuleko kale bazterretan ere plantanoek urre kolorez jantziak izan behar dute dagoenekoz. Ez dira oso ugariak izango, hogei urteko leherketek eta kaletarren egur beharrak urrituta. Baina seguru nago plantano batzuek zutik dirautela burka, AK-47 fusil eta errezoen erdian.
Bere leizezulotik aterarazteko, bazter batetik eta bestetik sua damaio egunotan gau eta egun Jainko kristauak Luzifer bizarluzeari eta hainbeste ezkutalekutan garrak piztu behar horretan, tartean harrapatu dituen etxe eta metak kixkali ditu. Kristoren sutea ikusi dugu Kabul erdialdean dauden ez dakigu jauregi edo biltegi batean. Eta haiei begira zeuden hainbat izei eta zedro.
Noizbait lorazainak eduki zituen hiri honek ere, agian azken erregearen garai urrun haietan. Eta haiek mimatutako arbola batzuek iraun dute bizirik, lehortearen eta sektakeria guztietako gizon armatuen suaren erdian zutik. Argindarra moztu arren, iturri publikoetara herdoildutako hodi zaharretatik iristen den ur pittina behin eta berriro etenda ere, heriotzera kondenatutako jendeen artean biziari egoskor eusten diote hiriburuko parke baten arrasto hondarrek.
Zentrotik aparte samar, noizbait soldata bat kobratzen zuen gizona etxe atzeko baratzean dago eserita. Larrazken epelean itzalarekin batera, txoko batean, pikondo berantiarrak urteko azken fruituak eskaintzen dizkio. Pikondoak ez du sekula huts egin, diktadura batean bezala hurrengoan. Bizilagunaren baratzetik lurrin fin askoa bidaltzen dion mizpira japoniarrak bere lana urtero zorrotz kunplitu duen gisa berean. Urruneko itsasaldera iritsitako kamioizaleren batek ekarritako fruitu berezia ikusi eta dastatu ondoren, aitonak ereindako bere hezurretik sortua omen da, landare gehientsuenak ihartzen ari diren garai berean loratzen den arbola hostozabala.
Mizpira japoniarrak ez daki zer den inzertidunbrea, bere eginbeharra erleei udazkeneko usainik gozoena ematea baita, Kabuleko patio batean bezala Tolosako Bar Frontonen atarian. Inzertidunbrea, segurtasunik eza, aspaldiko partez Gernikan, Bostonen eta Edinburgen zabaldu den zalantza da. Goizeko kafearen aromarekin nahastuta entzungo dituzu beldurrak, edozein kafetegitan. Nola ibiliko ote gara datorren urtean hilero hipoteka ordaintzeko? Ez ote da hobe Santu Guztietako zubian Port Aventurara joan gabe geratzea? Datorren uda iristerako abioiz bidaiatzea berriro segurua izango ote da?
Kabuleko maisu langabearen baratzean plastiko erre usainak estali ditu lurrin guztiak, eta auzoko txori guztiek ihes egin dutela esan daiteke leherketa zalapartatsuen beldurrez. Hemen ez da sirenarik, suhiltzailerik ez baita. Baina honaino ere udazkenak inzertidunbrea ekarri du: munduan segunduoro gosez hiltzen diren zazpi haurretako bat laster zurea izango ote den ikara.
Gurean, txantxangorria kantuz azaldu da laster sua pizteko ordua izango dela abisu ematera, eta hura isildu den tarte batean zozo beltzak zakar adierazi du ez duela alde egiteko asmorik, negurik izan ala ez izan, martxoan bere kumeak aterako dituela