Horrelako izenburu etsia zeraman editorial hark. Beno, ustez etsia esan beharko nuke, zeren, azken batean, haren asmoa ez baitzen errealitate gordin baten egiaztatze hutsa egitea, gaixotasun larri batentzat sendabidea aurkitzea baizik. Hona hemen bere argudioak: "Eriotzaren illunabarrean arkitzen dira eliz-elkarteak, non eta lehendik il eta obiraturik ez dauden. Non dira gure Luistar eta Mariaren alabak? Non gaztez betetako goizeko meza aiek?", kexatzen zen, hasieran. "Ez lehendakari, ez diru-zain, ez idazkari, ez apaiz, ez araudi eta ez jende gelditu dira. Zorionez edo zoritxarrez illak ditugu. Requiescant in pace".
Ene, bada! Zer zen hura? "ZERUKO ARGIA" zerua eskuratzeko bidea eskaintzen zuenaren heriotza ziurtatzen? Hala ematen zuen: "Iltzera doa lurrari, erriaren mugei, loturik dagoen parroki-erakundea ere. Erri barruan, lur jakin batzuen itxuran, egin ohi zan lehen bizitza. Lur oien erdian eliza, Jainko erri orren etxea, zutik, aldi berean erritar eta eliztar ziran bizilagunak zaintzen. Guzien buru, gidari, maixu eta artzai apaiza...".
Baina, zirudienez, akabo paradisuaren atari hura ere! "Il ez badira ere azkenetan daude era ontako elkarte eta erakundeak", ziurtatzen baitzuen editorialak. Gauzak horrela, ezer egiterik ba al zegoen? Bada, bai, begira: hasteko, praktikoak izan.
"Ez gaitezen, beraz, biziaren erio larria edo eriotzaren bizi illa alferrik luzatzen jardun. Jo dezagun bide berrietara", aldarrikatzen zuen editorialgileak. Eta horretarako bazituen bere arrazoiak, ez pentsa: "Batzuen eriotzak beste batzuen jaiotza dakar. Elkarteen eriotzak 'oinarrizko taldeen' jaiotza".
SENDABIDEA: OINARRIZKO KRISTAU ELKARTEAK
Ordurako martxan ziren Elizako gorabeherez gain gizartearen egoeraz ere kezkati ageri ziren kristau talde haiek, nahiz eliztar batek baino gehiagok mesfidantzaz ikusten zituen, ume egonezin batzuen gisara. Bada, Elizaren gaixotasuna sendatzeko, hain zuzen haiek bultzatu beharra zegoen, "Z. ARGIA"ren iritziz: "Atera gaitezen behingoz legepetik. Sar gaitezen bizi betearen askatasunean. Ortarako Ebangelioa benetan bizi duten taldeak sortzen eta ugaritzen lan egin behar dugu. Komunidade txikien garaia eldu da berriro".
Nolanahi ere, badaezpada-edo (komunistak edo auskalo zein deabruk engaina ez zitzan), gauzak ondo egitea komeni zen: "Talde oien iraupenak ez du legearen indarra izan behar. Ez dute kanpoko babesa eta eusgarria billatu behar. Talde oiek bizi egin behar dute. Biziak iraunarazi, biziak elkararazi, biziak mugiarazi, biziak indartu... Eta parrokiak ere ez du lurraren mugei lotua egon beharko. Talde oien biziari eta elkarren arteko artuemanei baizik. Talde oien lokarri, talde oien xuxpertzaile...".
Baina lehenik eta behin, betiko zozokeriak beztertu beharra zegoen: "Jakiña talde oietako bakoitzak gizongintzan eta errigintzan sartua egon beharko luke bakoitzari dagokion maillan, neurrian, giroan, eran... Besteen arazoetara zabaliak, kezkatuak... Ez lirake elizkizun utserako bilduko, otoitzerako bakarrik soilki. Ori guzia mundugintza jartor baterako indar eta bide izango lukete".
Dena den, agindu batzuetatik ez ziren kristau berri haiek ere libratuko: "Ori bai, mundugintza ortan ez daudela bakarrik, Jainkoa ere tartean ari dela siñestuko dute. Gizonen eta errien askatzaille dan Jainkoa ere beroiekin batera lanean ari dela aitortuko eta usteko dute. Eta ain zuzen kristau-talde oietan siñesmen eta itxaropen oiek bazkatu eta xuxpertuko dituzte".
Eta hori eginez, dena konpon zitekeen, antza: "Gaur garkoz bide ortatik somatu beharko ditugu Eliz berria eta kristaukera berria. Bestela il behar duen zerbaiti bizirik eutsi nahian nekatzen, erneatzen eta erretzen ari gera. Oñez ez dakian aurtxo bat jaiotzen ari da Elizan: 'oinarrizko kristau taldeak'. Zaitu dezagun, kozkortu, indartu... Lehengoa badijoala, negarrez, jardunarekin ez dugu ezer egiten. Asi gaitezen gaurko munduari eta gaurko giroari erantzungo dion zerbait billatzen. Bide berriak urratzeko argi-billa dabillen Sinodoa ez dedilla bertan behera itzali. Azpitik, oinarritik lanean ez bagara ari Sinodoko jardunak atariko aize burrunba besterik ez dira gertatuko. Euskalerriko Elizak ilda edo geldirik dagoela beintzat dirudi. Irteerik gabeko zuloan sartuta"