PP ETA PSE-REN IKA-MIKAK DONOSTIAKO UDALEAN
DONOSTIAKO udalean PP eta PSE-EEk duten akordia bere une larrienetik iragan da 1999ko udal hauteskundeen ondoren gobernu akordioa gauzatu zenetik. Akordioaren ibilbideak tentsio une ugari izan ditu une desberdinetan, baina inoiz ez da apurketatik horren gertu izan. Udal politikatik haratago doan auzia da zalantzarik gabe, Estatu mailan PP eta PSEren artean izandako ika-mikek adierazten duten bezala; iaz egindako Terrorismoaren aurkako Itunaren apurketaren erreferentziaren bat ere entzun ahal izan zen Madrilen. Indikadore askoren arabera, dena den, PP eta PSOEren arteko tentsioen hasiera besterik ez da seguruenik; elkar gurutzatzen dituzten adierazpenek ere hori bera adierazten dute.
AB-BATASUNA: ZAPORE MINGOTSA IPARRALDEAN
ABERTZALEEN Batasuna eta Batasunaren arteko banaketa giro lasaian egin dela azpimarratu dute alde bietako kideek. Etorkizunean zenbait alorretan aurrez aurre aritzeko beldurrak ere eragina izan du adierazpen horietan. Edozein eratan, lasaitasunak ezin izan du ezabatu Iparraldeko ezker abertzalea batzearen alde horrenbesteko urteetako ahaleginak porrot egin izanak utzi duen halako zapore hits eta mingotsa. Alde biek azpimarratu dute honakoa: izango da elkar lanean aritzeko tarterik. Eta politikaren izaera kontuan hartuta, elkarren aurrez aurre ere bai seguruenik.
MADRILGO BONBA AUTOAREN EZTANDAK IKERKETA ZABALDU DU
MADRILEN hilaren 12an eztanda egindako bonba autoaren auziak aurrera jarraitzen du eta polizia espainiarrak, lehergailua zergatik ez zen aurkitu jakin ahal izateko ikerketa zabaldu du. PSOEk eta Ezker Batuak segurtasun indarren hutsegitearen azalpenak eskatu dituzte; iragan abenduan Terrorismoaren aurkako ituna sinatu zenetik, sozialistek ETArekin zerikusirik duen gai batean PPri azalpenak eskatzen dizkioten lehen aldia da. Madrilen 12an egin zen desfile militarrarekin denboran bat eginda lehertu zedin pentsatua zegoen lehergailua, baina ordutegi akats bategatik, goizez eztanda egin beharrean gauez lehertu zen, 17 pertsona zaurituz eta kalte material ugari eraginez.
ESKUBIDE POLITIKO ETA ZIBILEI BURUZKO EKIMENA BATASUNATIK
EUSKAL Herritarrek dituzten eskubide zibil eta politikoei buruzko ekimena abiaraziko du Batasunak. Horretarako, lehenbiziko urrats batean Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zuten indarrekin bildu nahi dute Batasunakoek, nahiz eta gainerako indarrekin biltzeko prestutasuna ere azaldu duten. Azken hilabeteetan dagoen komunikazio hutsunea bete nahi dute elkarrizketa txanda honekin eta egungo egoera politikoaren azterketa bateratua egin. Eskubide zibilen artean, autodeterminazio eskubideak duen garrantzia azpimarratu dute Batasunatik. Batasunaren diskurtsoan azken asteotan autoderminazio hitza maiatzaren 13ko hauteskunde aurreko garaian ez bezala errepikatzen ari dela ez da oharkabean pasatu.
ALDI BATERAKO ENTREGAK
FRANTZIA eta Espainiako gobernuek terrorismo delituengatik atxilotutako presoen aldi baterako entregak hitzartu dituzte. Honen arabera, esaterako, Frantziak preso bat Espainian epaitu dezaten entregatu ahal izango du, nahiz eta Frantzian auziren bat edo kartzela zigorra betetzeke izan. Ez da erraza jakitea, neurriok aurretik aurreikusita zirelako, baina agian EEBBetako irailaren 11ko atentatuen ondorengo lehen eraginak ere hasi dira sumatzen Euskal Herriak bizi duen gatazkan. Estatuek abagunea nola ari diren probesten ikusita, azkena ere ez da izango seguruenik.
ESTRADIZIO AUZIA QUEBEC-EN
QUEBECEKO Justizia Auzitegi Gorenaren aginduz, urriaren 30 eta 31n egingo da Gorka Perea eta Eduardo Plagaro euskal errefuxiatuen aurkako estradizio epaiketa. Fiskaltzak azkartasun handiz erantzun nahi izan dio Espainak egindako estradizio eskaerari; errefuxiatuen abokatu John Philpot eta Pierre Poupard-ek, aldiz, Espainian ideia politikoengatik dagoen jazarpena mahaigaineratu dute eta bi errefuxiatuak zigortu zituztenean berme politikorik ote zen zalantzan jarri. Honen guztiaren ondorioz, epaiketa luze joango dela aurreikus liteke.