Eskulan merkearen beharra dugu, baina prest al gaude langile berri horiei herrian leku bat egiteko? Patera baino garraio eraginkorragoak eman, lotarako lekua, zer jana... Etorkinek mantenduko bagaituzte, etorkinak mantendu behar ditugu.
herri bat eraiki
behar da, kanpotik datozenek bertan sustraiak bota ditzaten. "Ongizatea ez da dena" esaten digute islamdarrek. "Hemengo bizi maila oso tentagarria izanda ere, ez nago nire kultura eta nortasuna galtzearen truke lortzeko prest". Hona kultura eta ohitura batzuekin datoz, eta ez dute aldatu nahi, egokitu baizik. Nola integratzen da atzerritar bat bertako kulturan, berea galdu gabe? Horra etorkinen buruhausterik handiena.
arazo praktiko batzuk
dituzte eguneroko bizitzan musulman izateko. Musulman batek egunean bost errezo egiten ditu, eta ostiral eguerdiz mezkitan belaunikatzen da. Nola esaten zaio fabrikako nagusiari une batez lana eten behar duela nagusi gorenago bati zerbitzeko? Ramadam hilabetean, berriz, (aurten azaroaren 15-16an hasiko dena) jan gabe pasatu behar dute eguna, eta lanean beti bezain indartsu egoteko eskatzen zaie. Bestetik, langabezira ez botatzearen truke, sarri baraua hausteko unean (ilunabarrean) lanean jarraitu behar izaten dute. Txikikeria dirudi, baina musulmanentzat baraua hausteko orduan senideekin ez elkartzea guretzat Gabonak etxetik kanpo pasatzea bezala da. Lanean ari den atzerritarrari ez zaio bizitza ziurtatzen, baina hilda ere ez ditugu onartzen: Iruñean bost urtez ari dira islamdar hilerri bat eskatzen, eta oraindik, eurentzat santua ez den lurretan ehorzten dituzte.
kultura transmititzea
da arazorik larriena. Islamdar heldu iritsi direnek ez dute egun batetik bestera bizarra moztuko, baina euren seme-alaben nortasuna zalantzan ikusten dute. Eurek era batera hezi nahi dituzte, baina eskolako lagunak, gizartea, telebistako irudiak... aurkako norabidean iristen zaizkie. Bere ondorengoak zer izango diren galdetzen dute, hemengo heziketa duten musulmanak, edo musulman heziketa duten hemengoak. Kultura transmititzeko lehen pausoa litzateke islamdar eskolak sortzea eta bertan hizkuntza, historia, eta balore musulmanak lantzea.
Musulmanak gugana bezainbat egokitu beharko dugu gure gizartea eurengana. Baina oraingoz hemengo legea eta sistema ez dago etorkinak hartzeko prestatua. Gainera presioa egiteko oso ahalbide gutxi dituzte: botere ekonomikorik batere ez, eta politikoki ez dute bozkatzeko eskubiderik