Jose Antonio Urbiola EAJko EBBko buruzagi nafarraren esanetan, Nafarroako abertzaleen botoa oso sakabanatua dago eta, bere ustez, EAJ, EA, Batzarre eta Aralarren artean elkarrizketari ekin beharko litzaioke egoera honi itzulia nola eman pentsatzen hasteko. Apurka gerturatzen ari da 2003ko udal eta foru hauteskundeen itzala.
Zabalik informazio egitasmo digitala abian jarri du Eusko Legebiltzarrak. Interesatuak interneten jarritako gai zerrenda batean gai desberdinen arteko hautaketa egin ahal izango du eta harpidetza egin ondoren, gai horiei buruz Legebiltzarrean jorratutakoa jasoko du.
Jesus Egiguren PSE-EEko buruzagiak sozialisten barne eztabaidarako prestatutako txostenak, autodeterminazioari buruzko eztabaida eta bermeekin egindako herri kontsulta onartuko lituzkeela azpimarratzen du. Egigurenen ustez, kontua ez da herri kontsulta baten aurrean ateak zabaltzen dituela, Jaurlaritzak berau egiteko asmoarekin jarraitzen badu, ate hori ixtea ezinezkoa dela baizik.