HITZ BITAN
- Koldo Almandozek: «Film laburra zinegintzan murgiltzeko eta esperimentatzeko modu bat izan daiteke, geroago, film luzeetara jauzi ahal izateko. Nik ez dut horrela ikusten. Hau da, nire ustez, film laburra bera genero bat da. Literaturan adibidez, argi ikus daiteke; nobela eta ipuinak genero independienteak dira». Hitzok «Irutxulo» aldizkarian esan zituen.
- Koldo Zuazok «HABE» aldizkarian honakoa zioen: «Euskara batua aurrera atera dugu, lan izugarria egin da, baina euskara batua ez da euskara guztia, euskara batua hizkuntzaren zati bat da, hizkera bat, eta badira landu beharreko beste hizkera batzuk».
- Paddy Rekalderen iritziz: «Literaturan subertsioa hilda dago... lauzpabost maki dabiltza bidezidorretan barrena, eta irabazteko esperantza galdu badute ere, zirikatzea ezinbestekotzat jotzen dute prime-time, kulturarantzazu, barrebako idazle gazte arduuuuuratsu, gugenjein eta ongi eta gaizkiaren gaineko superkritikoen montajearen aurrean bizirauteko».
- Pello Varelak «Gara»n: «Ikus-entzunezkoen ia produkzio osoa EITBren inguruan egiten da, eta honek euskal produktoreak bizirauteko beharraren menpe jartzen ditu».