BERTSO TXAPELKETA MARTXAN
GUZTIRA, 173 bertsolari saiatu badira ere Bertsolari Txapelketa Nagusira iristen, kanporaketetan 30 bertsolarik hartuko dute parte. Eta hain zuzen ere, urriaren 21ean emango zaie hasiera hauei. 30 horietatik batzuk Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Iparraldeko txapelketa eta kanporaketetan sailkatu ziren, eta besteak, 1989 eta 1993ko Txapelketetan finalista izandakoak dira. Bost taldetan banaturik, saio bakoitzeko lehena eta guztira puntu gehien duten zazpiak finalaurrekora iritsiko dira, 1997an finalista izan zirenekin batera. Ondoren, bi saio egingo ditu bertsolari bakoitzak eta puntu gehien lortzen dituzten zazpiak finalean izango dira abenduaren 16an. Egun horretan ere izango da berrikuntzarik. Izan ere, goiz eta arratsalde jokatuko den finalean, saioko puntuazio altuena duten bi bertsolariek jokatuko dute soilik azken txanpa.
ANTZERKIAK 26 URTE GASTEIZEN
IRAILAREN amaieran ateak zabaldu bazituen ere, Gasteizko XXVI. Antzerki Jaialdiak aurrera jarraitzen du. Eta lanak ikusgai izango dira azaroaren erdi alderarte. Dirudienez, izen ezagunek eta ez hain ezagunek erakarrita, inoiz baino hobeto saldu dira abonoak. Oraindik ikus daitezkeen obren artean, aipa daitezke, Euripidesen «Medea» non Nuria Espertek parte hartzen duen, Teatro de la Danzak taularatzen duen «Paseando a Miss Daisy» Amparo Rivellesekin, edota Andaluziako Antzerki Gunearen «Otelo el moro» eta Leo Bassiren « La vendetta»... Euskal talden artean, hortxe izango dira Dar Dar Produkzioaken «Alizia bitxikerien lurraldean» eta Tanttakaren «Errudun jaioak».
IPUINEN MUNDUAN BARNA
IPUINEK duten garrantziaz ohartuta, Galtzagorri elkarteak «Ipuinez ipuin» egitasmoa jarri du martxan Begoñako Barrutian. Bertan eta hil osoan zehar hainbat ipuin biltzaileri buruzko erakusketa paratu dute, Joxe Miel Barandiaran, Wendworth Webster, Resurrección María Azkue edota Jacob eta Wilhelm Grimm bezalako izenak ageri direlarik. Orain arte ipuinak biltzen aritu direnen lana erakusgai jartzeaz gin, ipuinak entzun ahal izango dira Joxe Mari Carrerre, Antton Irusta, Pello Añorga edo Ray Buenoren ahotsetan. Eta ez hori bakarrik, entzuteaz gain, kontatzen ikasteko parada ere badago egitasmo honen barne. Hil hau Bilbon igaro ondoren, Donostira, Durangora eta Gasteizera iritsiko da ipuinen magia.
FABRIZIO PLESSI ETA TAPIES
UDAZKEN honetarako eskaintza abian du Guggenheim Bilbao Museoak. Ez dira Plessi eta Tápies gonbidatutako bakarrak. Sei aurkezpen estreinatu dituzte. Hona batzuk: "Hiri modernoa" titulupean XX. mende hasierako artistengan hirietako paisajeak inspiratutakoa izango da ikusgai. Fabrizio Plessi bideoartistak bereak aurkeztuko ditu. Jeff Koons-ek berriz, kultura kapitalistari buruz egindako gogoetak ezagutaraziko ditu. Tápies eta Txillida batera ageriko dira "Materia eta pentsamendu bisuala" izenburupean.