argia.eus
INPRIMATU
BATASUNA EZ DA ARALAR
Joxemari Ostolaza 2001eko urriaren 21
Noski. AB Batasuna ez den bezalaxe. Uztaritzeko ABren batzarretik landa, Batasunako kideek AB uztea erabaki dute. Eta itxuraz honek Iruñeko Batasunako batzarraren ondoan Aralarrek egindakoaren antza baldin baduke ere, ez da batere berdina izan emaitza, Batasuna urriaren seia aitzin jada alderdi gisa antolatua baitzegoen Aralar ez bezala. Eta Aralarrena Batasunak bere aurkako lehiatzat jo baldin bazuen ere, Iparraldean ez omen dio ABri lehiarik eginen, elkarrekin aritzeko kondenatuak baitaude Batasunakoen hitzetan. Beraz, ABk Batasuna ez denez, ez du ezker abertzalearen eremuaren jabetzarik, eta ez du Batasuna etxetik kanporatuko. Uztaritze ez dela Iruñea alegia. Ez dakit Batasunako ABren hautetsiek Aralarreko EHkoen bide bera egiteko asmoa duten ala EHko Batzarrerena, beren karguak atxiki ala ABren kargu utzi alegia. Dena den, xehetasunak xehetasun argi da guztiontzat ere Iparraldea diferente xamarra dela. Eta idazten ari naizela Trepa zendu dela jakin dut. Goraintziak eta doluminak bereziki Bego, Ugutz eta Nahiari. Eta agur maitekorra hiri Jabi. Agur, agur, agur lagunak entzun gure kantua…