argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2001eko urriaren 14a

EKIMEN ZEHATZETATIK HARAT, EZIN OPOSIZIO BATERATUA EGIN

NAFARROAKO Legebiltzarrean egoera politiko orokorrari buruz egindako eztabaidak, oposizioak oposizio politika bateratua egiteko dituen zailtasunak agerian utzi du. Onartutako lege batzuek eta beste zenbait ekimenek, oposizioak unean uneko bategiteak izan ditzakeela erakusten dute, eta ez da gutxi; alternantzia kontuetara iragateko, ordea, gutxiegi. Aurrekontu orokorrak egiteko UPN, CDN eta PSNren artean sortzen diren akordioek, oraindik orain banaketa handia sortzen dute oposizioan. Horrez gain, PSNk euskararen eremu esanguratsuan, UPNri egiten uzten dio, berbaz bestelakoa adierazten badu ere. Ez dirudi samurra gero eta jarrera absolutistagoa erakusten duen UPNri alternantzia eraikitze hori.


AB ALDERDI JADA ETA GAUZA UGARI ARGITZEKE

ALDERDI politiko bihurtzea erabaki ondoren, Abertzaleen Batasunak alderdi izatera iragan behar du. Bere baitako joera politiko desberdinen izaera eta jarduna ildo baten inguruan egituratzea izango du erronka nagusietako bat; beste bat, orain arte ABk bere baitan izandako sektore desberdinen ahotsari forma nola eman. Horrez gain, Batasunako militanteek zer egiten duten ikusi beharko da, baina badirudi aurrera begira ezker abertzaleko bi indar politiko izango direla Iparraldean, Abertzaleen Batasuna eta Batasuna. ABren baitan orain arte aritutako alderdiei dagokienez, 1985ean sortutako Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA) alderdiak, desegitea erabaki zuen ABren biltzarra egin baino zenbait aste lehenago egindako Biltzarrean. 1993an Euskal Batasunarekin (EB) aurkeztu zen Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara. EMA -EBrekin batera- Ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen alderdi erreferente izan da azken hamazazpi urteotan. Euskal Batasunak etorkizunari begira hartuko duen jarrerari buruz ez da erabakirik ezagutzen oraingoz.


AZNAR ETA EAJ: TENTSIOA GORA

ASPALDITIK datorren kontua da, baina azken asteotan PP eta EAJren arteko tentsioak gora egin du. Alderdi egunean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak balizko kontsulta bati buruz esandakoak eta honi emandako erantzunek zabaldu zuten haserraldia. Margarita Uria jeltzalea Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusitik kanpo uzteari erantzun zion Xabier Arzalluzek: jeltzaleek Espainiako Legebiltzarra utz dezaketela, eta pentsatzekoa dela Espainian jarraitzea merezi ote duen. Erantzuna berehalakoan Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuaren aldetik, EAJ hartzen ari den arriskua eta integrismo nazionalista zoroari aipamenak eginez. Bitartean, alde bietatik Kontzertu berria negoziatzen. Hor izan daiteke tentsio igoeraren klabeetako bat.


KOORDINAKETAK ETA AAB-EK BAT EGINGO DUTE

EZKER abertzaleko eremu desberdinetan, Iparralde eta Hegoaldeko erakunde desberdinek bat egin izan dute azken hilabeteetan, Euskal Herri osorako erakundeak sortu beharraren irizpideari jarraiki. Oraingoan, Iparraldeko Koordinaketak eta Amnistiaren Aldeko Batzordeek erakunde berri bat sortzeko lanari ekingo diotela iragarri dute. Batze prozesuak 2000. urtean hasi ziren, Jarrai eta Gazteriak-en batzetik gerora Baltasar Garzon epaileak legez kanpo jarri zuen Haika sortu zenean. LABk ere urte berean zabaldu zuen bere jarduna Iparraldera. Senideak-Gureak izan zen urrengo urratsa eta, azkenik, Batasuna Euskal Herri osoan jarduteko sortu da.