Bernardo Atxagak «Ostiela!»n euskal kulturari buruz esandakoak dira hauek:
«Ba datorkit Bilboko udaletxean kultura kontuetan ari den pertsona bat eta esaten dit, Bidebarrietako liburutegian poesia aste bat antolatu behar dutela, maila handikoa, eta lehenengo egunean Jose Hierro egongo dela, eta egunetako bat euskal poesiari eskaini nahi lioketela.(...) Non eta Bilbon entzun behar hori. Noren ahotik eta ‘euskal indar politikoek’ agintzen omen duten udaletxe bateko arduradunagandik! Esan nion gutxi gorabehera: ‘Beraz, zuk uste duzu Hierrok baduela nahiko balio egun bat berari eskaintzeko, berari bakarrik eta ez, kasu ‘Poetas de los alrededores de Aranjuez’ delakoei; Lete bat, berriz, edo hemengo beste hainbat poeta, Izagirre bera, ‘euskal poesiari’ eskainitako egunean sartu nahi dituzu. Zuretzako euskal poeta guztiek ez dute berdintzen Hierroren balioa. Ba nik, esaten dizut euskal poeta askok, aipatutakoak eta beste batzuk, ez diotela inolako inbidiarik Hierrori’. (...) Horrelako komentarioak maiz entzuten nituen orain dela 25 urte, baina egin dugun bidea egin eta gero! Gainera, kultura antolatzaile horiek, (...) zergatik dira hain amateur kaxkarrak? (...) Kultur antolatzaile gehienek botere mediatikoek eragindako arrakastari jarraitzen diote, eta gainera atzo goizeko jendea da, ez daukate inolako nortasunik. Ezin dute izan bere esperientzia urriagatik eta sortu diren giroan sortuta».