HIZKUNTZAK SALBATUKO EZ DITUEN URTEA

  • Ez da erraza Europako hizkuntzen erradiografia egitea. Zein dira «hizkuntza», zein dira hizkuntz gutxitu? Komunikazio bide al dira hizkuntzok, ala, ondare, altxor? Nola babestuko dira? Orriotan galdera hauek eta gehiago egin dizkiegu, Bojan Brezigar, Aureli Argemí­, Patxi Juaristi, Gorka Knörr eta Koldo Gorostiagari.
Han-hemenka entzun da Hizkuntzen Urte Europarra dela 2001 urtea. Baina zer da zehazki urte hori? Zer dakar euskararako? Onurarik bai? Eta Europako gainontzeko hizkuntza gutxituei? Zein da euren egoera gurearen aldean? Zein haizek jotzen du Bruselan?

EBLULek (Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoak) 40tik gora hizkuntza zenbatu ditu Europar Batasunean bakarrik eta eztabaida geroz eta biziagoa da. Euskaldunok bizi osoa eztabaidatzen dihardugun gaia heldu da Bruselara; ez zehazki hizkuntza gutxituen haritik, baina bai hizkuntzen oinarrizko betebeharrak eraginda: komunikazioa izaki mintzairaren zentzua, zelan gauzatu egun hamaika eta zenbait urtean hogeitik gora hizkuntza ofizial izango dituen Batasuna, gurea bezalakoak ahaztuta ere?
Globalizazioak ingelesaren nagusigoaren aurkako jarrera sortu du Europan, eta horren zipriztinak baliteke hizkuntza gutxituetara iristea. Baina argi dago Alemania, Frantzia edo Espainiaren xedea euren estatu-hizkuntzetara mugatzen dela, eta gainontzeko estatuek ahal beste egingo dutela eurenak ere behar duen txokoa izan dezan, bigarren taldean besterik ez bada ere.
Hizkuntza gutxituen inguruan berebiziko eztabaida dago. Bojan Brezigar Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoko presidenteak gaiari aurre egiteko historikoki egon diren jarrerak hainbat multzotan bereizi ditu: gutxiengoen desagerpen fisikotik (naziek, Stalinek edo Bosnian jazoa) hizkuntza bultzatu eta normaltzeko neurrietara arte mila jarrera daude erdibidean: errepresio bortitza eta asimilazio behartua (Francok edo Mussolinik); askatasuna bai, baina eskubiderik ez (Frantziaren kasua, askatasun indibidualaren ustea, baina gero hizkuntza bakarra da, patois kontzeptua errotuz); ustezko babesa, zenbait laguntza emanez baina ondare den neurrian begiratuta, hizkuntzari erreparatuz hiztunei eta euren lurraldeari beharrean; eta azkenik, erabateko babesa eta eskubide aitorpena, suedierak Finlandian bizi duena adibidez.
Urte luzez hizkuntzei bizkar eman dieten estatuen baitan jarrera aldaketa nabarmena igarri dute adituek aspaldion, Grezia salbu. Estatu helenikoak gutxiengo turkiarrari eskubide gutxi batzuk onartzen dizkio eta gainontzekoei (albaniarrak, eslaviarrak eta latinoak) ezer ez. Aurten bertan urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote aromunioaren (Balkanetako hizkuntza erromanikoa) bultzatzaile bati, «gezurrezko» informazioa hedatu duelakoan. EBLULen argitalpenak ziren informaziook.
Frantzia eta Italia zentralisten jarrera aldaketa nabarmentzen dute gehienek, oraindik ustezko xedea erakutsitakoa baino gehiago den arren. Europako hizkuntzen kartaren berrespena etenda dauka Frantziak adibidez, eta berretsi dutenengan ere aurpegieraren atzetik kasu zehatzak hizkuntzen aurkakoak dira sarri: Nafarroa nabarmen, Espainiak berretsi baitu, Alemanian ere sorabiarrek euren eskubideak ez direla betetzen salatzen dabiltza Batasunaz geroztik, eta Erresuma Batuak Eskoziari autonomia eman arren, badirudi Edinburgoko gobernuak galdutzat jotzen duela gaelikoa.

Hizkuntzen urte europarra.

Koldo Gorostiaga EHko europarlamentariak eta Gorka Knörr EAko europarlamentari ohiak argi daukate Hizkuntzen Urteak zerikusi gutxi daukala euskara bezalako hizkuntza gutxituekin. "Ekimena Europako Kontseilutik dator eta aurreikusi zuen hizkuntza gutxituen presentzia, baina Europar Batasuneko erabaki gunetik beto zuzena jarri zuten" dio Gorostiagak, eta azken idatziari ezetza azaltzen du:"Hainbat gauza onargarri zeuden proposamenean, baina hizkuntza gutxituen arrastorik ez. Plenoaren bezperan eztabaida izan genuen, esan ziguten gure emendakinak ez zirela onartuko, talde popularrak eta sozialistak borondate zehatza zeukaten, ez zuten konturatu gabe egin".
Knörrek dioenez programaren izpiritua hizkuntzen ikasketen garrantzia gizartearen kontzientzian sartzea zen, "eta diru laguntzetan, Batasunaren hizkuntz ofizialak eta ‘estatuek erabakitakoak’" zeuden. Ondorioz, "zenbait estatuk gutxituei bizkarra eman die - frantsesak, esaterako- eta beste batzuek bigarren mailan utzi dituzte -espainolak, adibidez. Horixe da Europako Batasunaren arazorik larriena, estatuen batasuna besterik ez baitu islatzen. Parlamentuko presidente Nicole Fontainek esan zidan finlandierak edo lituanierak, hizkuntz ofizialak izateko aukera zeukatela ‘estatu hizkuntzak zirelako’, katalanak edo euskarak ez, ordea. Hau da, gaur egun euskararen ofizialtasuna lortu ahal izateko, estatu independentea izatea da aukera bakarra".
EBLULen arabera berrogeitik gora hizkuntza gutxitu daude Europako Batasunaren mugen barruan. Jatorrizkotzat jotzen direnak dira, eta multzo zabala osatzen dute: batetik, gaelikoa, katalana, frisiera, bretoia... dira ezagunenak guretzat, arreta gehien eman ohi diegunak, egoerak euskararen antzeratsuenak direlako sarri; hizkuntza handiak ere gutxituak dira askotan auzoko estatuetan, horiek eskubideak babestu samar dauzkate eta ekialdeko estatuetan ohikoak diren gutxiengoak dira; azkenik, dialekto-hizkuntza eztabaida dago sarri. Mintzairez dihardugula, ez dago beti muga zehatzik, inoiz aipatutako esaera ez bada: dialektoak armadarik gabeko hizkuntzak direla, alegia. Hiru taldeoz gain, inor gutxik erreparatu dion taldea dago, jatorrizkoak ez diren hizkuntzak alegia, etorkinek ekarritakoak baina zenbait leku eta auzunetan zabal mintzatuak: arabiera, turkiera, kurdua, hindia...
Atzean utzi dugun mendeko aurrerapausoek, heriotza ekarri diote hainbat hizkuntzari, eta estatu-hizkuntza eta gutxituen arteko tartea inoiz baino zabalago egin dute. Badirudi gainera, etorkizunerako rolak onartuta daudela, eta biziko badira, euren lekuan egin beharko dutela, hizkuntza handiaren garapena amestu barik.
Europatik hizkuntzekiko antzematen zaion jarrera aldaketari horrela erreparatzen dio hainbatek. Garai bateko mespretxu eta errepresioen atzetik zaindu beharreko altxorrak direla, ondarea alegia. Koldo Gorostiagak eutanasia estrategia deitzen dio, "ahalik eta gutxien geldi daitezela, eta daudenak ahalik eta ahulen, baina ez inork hil dituelako, prozesu naturala bailitzan baizik". Frantziako gobernuaren jarrera aldaketa kokatzen du hor, "neutralak balira legez, Ziburuko kasua bezala, ustez ez daude ez kontra ez alde baina gero eztena dator".
"EBLUL baliabidez oso eskasa da, botere eta diru gutxi dauka, ezagunak dira eta garrantzia alde horretan dago, baina praktikan ezer gutxi" dio Gorostiagak, kritiko. "Hizkuntzen alde dauden arren, funtsean eutanasia onartzea da, gure burua hiltzea ahalik eta heriotza gozoenean".
Euskararen lekua eztabaidatzerakoan, hobeto ikusten ditu gailegoa, portugesaren ondoan egonik, eta katalana, "danieraren edo suedieraren pare. Galesa, eskoziera, irlandera larri daude eta bretoiera egoera horretatik irten ezik urte gutxira eutanasia gauzatu egingo da".
Gorka Knörrek, aurrerapauso gehiago gura lituzke, "Hizkuntz Gutxituen Ituna aurrerapauso txiki bat da, hizkuntz gutxituen babes eta sustapenaren kontzientzia zabaldu baita Europan. Etikoki oso garrantzitsua da, baina formalki ez digu gehiegi laguntzen".


Jarrera bikoitza

. Europako Batasunak hizkuntzen gaian kontu handiz dihardu. Nizako Itunean adibidez, oso garrantzitsutzat jo den oinarrizko eskubidea sartu zuten, irakurrian ahul samarra ematen duen arren "hizkuntza askotarikotasuna onartzeak".
Hizkuntza oinarrizko eskubidetzat hartuta, hiztunon eskubideak zehaztu, betearazi eta egiten ez den kasuetan zigortzeko gaitasuna, egun, utopia hutsa da. Estatuek ekonomikoki subiranotasuna maila batzuk eman dizkiote Batasunari, baina ez dirudi dagokigun esparruan euren eskutik kanpo ezer uzteko prest daudenik. Eta sarri prozesuak zein neurritan doazen ikusita, transmisioa etenda, hizkuntza inon ageri ez dela eta erabateko diglosian, badirudi neurriok inoiz adostuz gero, gehienentzat beranduegi izango dela.
Salbuespena ekialdeko estatuak dira. Txekiari, Hungariari, Estoniari... gutxiengoen eskubideak zaintzeko ahalegin berezia eskatu diete Bruselatik, Batasunean sartu gura badute. "Ekialdeko herriei ez litzaieke utziko egiten Nafarroako gobernuaren erreforma hori" dio Knörrek. Hain zuzen ere, Hamabostek etxean egiten ez dutena egiteko eskatzen diete. Hor itxaropena dauka Gorostiagak: "Engaiamendu zehatzak eskatu dizkiete eta laster EBko kide izango dira. Jadanik kide direnen borondate ezak, berrien urrats zehatzekin topo egitean, baliteke berrien giroak zaharrak ere zerbaitera bultzatzera. Baina ordurako askorentzat berandu izango da eta ondoen borrokatzen direnek bakarrik eutsiko dute". CIEMEN (Centre Internacional Escarré per les Minories Etniques i les Nacions) elkarteko zuzendari Aureli Argemí katalana uzkur da horren gainean: "Independentzia lortu duten herriekin legez gertatuko dela uste dut, lortze bidean daudenean elkartasuna denekin, baina behin lortuta, status berri horretan, ahaztu zer izan diren eta nortzuk izan zituzten lagun".


Euskaldunok interesik ez Europan?

Euskaldunok hortaz, ezin ote dugu itxaropenik izan Europan? Erantzun ugari daude, baina argi dago eman ezean Europatik hartzeko lar ez dagoela. Lobby lana garrantzitsua dela uste du Aureli Argemik: "Medioetan, irakaskuntzan ez gara existitzen eta gure esku dago, dirua eta publizitatea behar da... Kataluniak hobe egin zezakeen baina zerbait egin du, eta Euskal Herria atentatuengatik ezagutzen dute, baina ez hizkuntza berreskurapenean egindako lan eredugarria, ikastoletan adibidez. Eta ondo dago ezagutzea, txarto egindakoak ere bai". Gizarteak ez eze, gobernuek egin beharreko lana dela uste du Argemik.
Baina kontua da, irakasteko -eta ikasteko- hainbeste izaki, Europako taldeetan gutxi gaudela euskaldunok: EBLULek bulegoak Bruselan eta Dublinen dauzka, Mercatorren hiru sailak berriz (legeria, irakaskuntza eta hedabideak) Katalunian, Frisian eta Galesen daude. Erakundeotan diharduen lan taldeari begira, tarteka baino ez dira ageri euskaldunak.
Beste aldean, EA adibidez EFA, Europako Aliantza Libreko kide da. Gorka Knörr izan ohi du ordezkari: "Eskozia, Gales, Frisia, Bretainia, Alsazia, Tirol, Korsika, Galizia, Katalunia, Sardinia, Sizilia, Mazedonia eta beste zenbait herri daude ordezkaturik eta bakoitzak egoera linguistiko berezia dauka. Herrien Europa eta hizkuntzak dira EFAko alderdi eta ordezkarien artean kausitu daitezken gai eta lotura nagusienak". Baina bat dator euskaldunok Europarekiko lotura gutxi dugun iritziarekin: "Europar sentimendua gehiago sakondu beharko genuke. EAn uste dugu gaia serioski hartu behar dela eta, horregatik, defendatu dugu europar arazoetarako saila sortzea, eta atzerriko politika egiteko orain arte erabili ditugun moldeak aldatzea, medioak eta dirua jarriz. Independentzia nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu azaltzen eta demostratzen zertarako eta nolakoa nahi dugun".
Batasunak Europan daukan ordezkariak bestelako arrazoi batzuk ere ikusten ditu: "Nazioartean portaera ahula daukagu, baina garai batean, EKBren eskutik gure ekarpena bakarra zen euskararen komunitatetik, Euskal Herritik. Gaur estatuka ageri da, Iparraldea Frantziaren barruan eta Espainian Hegoaldekoak, eta euskaldunontzat bizkaitar bat soilik dago, baina EAEren izenean. Katalanen aldean oso ekimen ahulak ditugu"

Bojan Brezigar. Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoko presidentea
Hizkuntzen Urte Europarrean gauden honetan, zein da hizkuntz eskubideen egoera Europako Batasunean?

Oso garapen interesgarria dago. Nizako gailurrean Europako Batasuneko oinarrizko eskubideen dokumentuaren 22. artikuluarekin EBko hizkuntza askotarikotasuna aitortzen da. Lehenengo aldia da nazioarteko agiri batean.

Horrek etorkizunean zer ekar dezake?
Formulazioak garapen zabala ahalbidetzen du. Guztiek ez dute aitortza maila bera izango, baina argi dago hizkuntzoi etorkizunean garatzeko aukera ematen diela, gaur egun ez dagoen Europako berme batekin.

Baina badirudi hizkuntza askorentzat atzeraezina dela prozesua. Zenbat denbora daukagu galdu ez daitezen?
Hizkuntza batzuk oso txikiak dira. Mila lagun edo gutxiagok mintzo dituztenak, errealista izanda, ez daukate etorkizun luzerik Europan, ez da posible. Baina gainontzeko hizkuntzek garatzeko aukera daukate, estatuek bultzatzen badituzte.

Zein neurrik bideratuko lukete biziraupena?
Hizkuntza mintzatu egiten da; jendeak mintzatu ezik, hizkuntza desagertu egingo da. Ez da posible jendeak hitz egiten ez duen hizkuntza bati eustea. Arlo publikoak bestalde oinarrizko neurri guztiak hartu behar ditu, zeren eta hizkuntza lurralde jakin batean mintzatzeko arrazoia eskolan, hedabideetan, administrazio publikoan egitea baita. Horiek dira hizkuntza bizirauteko oinarrizko neurriok, baina edozelan ere biak uztartu behar dira, hiztunen borondatea eta administrazio publikoaren neurriak.

Honaino helduta, zelan ikusten duzu zenbait estatuko kasua, hiztunen borondatea nabarmena izaki? EBk egin dezake zerbait borondate hori errespetatzen ez dutenekin?
Gaur egun ez dago Hizkuntza Gutxituetarako gutxieneko standardik, gaia estatuen eskumena baita. Etorkizunean ez dakigu, espero dugu hizkuntza gutxituen babeserako eskumena egotea. Mugimendu interesgarria dago, estatu askok neurri garrantzitsuak hartu dituztelako, lege berriak, nazioarteko agirietako tresnak berretsi dituzte... azken urteotan EBk urrats garrantzitsuak egin ditu, baina ez EBk berak, estatuek baino. EBk zuzenean kontrolatutako gutxieneko standarda beharko genuke.

Aitzitik, atzerapausuak ere ikusi dituzue, ezta? Grezian, Nafarroako kasua...
Arazo asko daude, dena ez da konpondu noski. Gure erakundeak ebazpenak arazoak daudenean hartzen ditu, ez garapena oso positiboa denean, eta estatu batzutan lan egin dugu. Baina oro har garapen positiboa da. Horregatik arretaz jarraitzen dugu egoera, beti dagoelako atzera egiteko arriskua

Aureli Argemí. CIEMENeko zuzendaria
Hizkuntz gutxituen inguruko politikak zein neurritan egin du hobera Europa mailan azken urteotan?
Kontraesan handia dago. Oraindik hizkuntza serioetan pentsatzen dute eta besteonak iraganeko zerbait bailiran... Ezin dituzte hil baina ezta besteen parean pentsatu. Zuhur mintzatuz, nire ustez hobetu da ordea. Oraintsu arte asko ezkor ibili da hizkuntzak bultzatzeko, eta kontzientzia hartzen hasi dira. Italiako konstituzioak hizkuntza gutxiengoak babesten ditu, eta orain egin dute legea, 50 urte berandu. Frantzian ere aldaketa nabari da, Korsikari buruz, bretoierazko edo euskarazko irakaskuntzan... Badaude elementu positiboak, baina baita zer gainditua ere: oraindik ondare gisa ulertzen dira, ez gauza bizi bezala, eta oinarrizkoa da europar nortasunerako duintasunez errespetua zor zaien zerbait bezala hartzea. Bestalde Oinarrizko Eskubideen 22. Artikulua dago. Gure esku dago horren interpretazioa gure aldekoa izatea.

Eskubideak urratzen dituzten estatuak zigortzeko gaitasuna utopikoa da oraindik?
Oso utopikoa. Oraindik parlamentuan hizkuntza minoritario/erregional esaten zaie. Bere horretan gelditzeko mintzatzen dira, babestu eta bultzatu barik. Baina Europako karta positiboa da, eta kontzientzia adierazten du. Greziako kasuan frantsesek txarto deritzela ikusi dut, "gehiegi da" diote; orain gutxi berdin zitzaien. Hizkuntzon militanteen esku dago, aberastasun direla eta ez arazo, Europan beti egon den jarrera da, ez EEBBetan legez, hizkuntzak hiltzen.

EBn sartu gura duten Ekialdeko estatuei egindako eskakizunak zer dira, kalean uso, etxean otso?
Inkoherentzia da. Errespetua eskatzen da, "egin behar da" esaten da, baina ez da egiten. Estatuok sartzeko beteko dute eskatzen zaiena, baina barruan daudenean ez nago hain ziur besteen gauza bera ez ote duten egingo. Lituania SESBetik independentzia lortzear zegoela, denok gara lituaniar esaten genuen, baina gero Lituaniak ez du inoiz lagundu. Herri batek independentzia lortzen duenean ahaztu egiten du zer izan den.
Beste gako bat badago baina: gurea baino txikiagoak diren estatu hizkuntzak sartuko dira EBn. Hor dago gure aukera. Lan hizkuntza gutxi batzuk izango dira, baina gainontzekoekin zer? Gaia birplanteatzeko sasoia da, batetik hizkuntza handi eta bestetik erregionalez baino europar hizkuntzez mintzatzekoa eta talde horretan gura duten guztiak sartzekoa.

Beraz zein da gaurko egoera?
Zentzu positiboaz haratago ikusten dut negatiboa. EBn, Katalunian baita, berreskurapenaren dinamika galdu dugu. Ingelesaren elebitasun ideia arriskutsua da gure hizkuntzentzat, eta Europan politika positiboa dago horretan, ingelesa etorkizuneko hizkuntza izatea eragozten. Gure eredua gutxienez hiru hizkuntza jakitea izan behar da.

Guretzat baino ez ote da beste hizkuntza handientzat kaltegarria ingelesa?
Berehalakoan onuragarria izan daiteke euskara-gaztelania-ingelesa, gaztelaniaren diglosia apurtzen baitu eta erlatibizatu hizkuntza ahalguztiduna, baina printzipioa berdina da. Eskema bera darabil.

Okzitaniera hizkuntzon adibide hartuta, oraindik hiztun asko baititu baina transmisioa ia etenda, jo dezagun 20 edo 50 urte barru hizkuntzok zelan egongo diren pentsatzera: bizirik baina kornuallesera bezala, ehunka gutxi batzuk euren elkarteetan mintzatzen...
Okzitanieraren berpizkundea oso zaila da, borondatea oso txikia da, hezkuntza politika badago baina oso txikia da... Dena den, hirietatik kanpo nabilenean oraindik okzitanieraz normaltasunez mintzo dira, ez militantziaz, patois da eurentzat... Baina ezin jakin, begira txekieraren kasua, desagertzear zegoen mende hasieran, idazleek ere alemanez idazten zuten eta gaur estatu hizkuntza da. Etorkizuna badago, eta nik konfiantza handia daukat teknologian. Batzuk desagertu edo oso leku murritzean geldituko dira. Batek herria eta hizkuntza identifikatzeko zentzua galtzen duenean, gorde daiteke nonbait latina bezala, baina ez da bizi. Hizkuntza bat ez bada behar bizitzeko, ez dauka etorkizunik. Euskal Herrian bizitzeko ez badut euskararik behar, zertarako nahi dut?

Patxi Juaristi. EHUko soziologia irakaslea
Prospekzio lana egin nahi dugu, zein egoeratan dauden hizkuntzak, etorkizunean zelan eta zein erabaki eta neurri hartu beharko lituzketen gobernuek. Mundu mailako inkesta egin dugu eta modu askotan banatu, ahal beste hizkuntzara heltzeko. Liburuetatik baino, hizkuntza elkarteengandik zuzeneko informazioa nahi dugu. Ni nabil hori koordinatzen.

Eta erantzuna zelakoa izan da?
Izugarria, mila inguru jaso ditugu. Jendeak esan dezake, bospasei mila hizkuntza badaude, ez duela asko ematen, baina hala ere izugarrizko informazioa da mila hizkuntza. Gaitzena Pazifikoan dago, Papuan, Indonesian... hutsuneak dauden lekuan adituen bidez osatu dugu eta gero batzarrak egin ditugu Bolivian, Burkina Fason, Kaukason eta Australian.

Zein ondorio atera duzue?
Homogeneizazioa dator. Ez badira neurriak hartzen hizkuntza batek eremu oso bat hartuko du: Errusian errusiera, Latin Amerikan gaztelania... Gerta liteke, besteak desagertu eta bakarra gelditzea. Jarrera bi daude globalizazioa dela-eta: batzuek lehen esandakoa gertatuko dela diote, besteek aldiz, teknologia berriekin hizkuntza txikiek euren lekua izan dezaketela uste dute. Jarrera ezkorregia ere ez da izan behar, egindakoak ez duela balio izan esango dugu-eta. Egia da egoera beltza dela, baina esperientzia eta eredu positiboak badaude, ondo egindako lanak eta kontzientziaz eta baliabideak ziurtatuz aurrera egin dutenak. Baina jakina, bi mila hiztun duten hizkuntzek isolamenduari esker eutsi diote, globalizazioak oso erraz irents ditzake neurririk hartu ezean.

Europara etorrita, euskara ez da txarren dagoena, ezta?
Ez, eta aldaketa dago, hainbeste parlamentu txiki sortu da: Galesen, Eskozian, samiak, Korsikan beharbada... horien boterea beste kontu bat da, baina tira. Bestaldean bretoia dago, milioitik gora hiztun zeuden II. Mundu Gerra aurretik eta begira gaur. Hizkuntza batzuk oso ahul daude, baina Europan oso erraza da, aniztasun gutxien dagoen lekua baita. 40 bat hizkuntza baino ez eta herrialde aberatsak; asko ez arren diru apur bat ematen zaie... hori Asian planteatu ere ez da egiten, dirua hizkuntzei? Eta begira Kaukason edo Indian. 200dik gora hizkuntza, milatik gora dialekto... hor badago arazoa


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bretainia
2023-08-16 | Euskal Irratiak
Bretainiako herritarren %8a besterik ez da mintzo bretoieraz

220.000 biztanlek erregularki erabiltzen dute bretaindar hizkuntza. Emaitza aski arranguragarria, jakinez Bretaina historikoan 4 milioi biztanle badirela. Hori da bretaindarraren egoera gaur egun.


Aktibistak kriminalizatzea da justiziaren jolas berria Europan, galdetu Vincenzo Vecchiri

Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege... [+]


2022-05-19 | Leire Artola Arin
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg

Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.


Nantes Revoltée hedabide independentea desegin nahi du Frantziako Gobernuak

Hamar urte daramatza Nantes Revoltéek informatzen, baina urtarrilean hedabidearen disoluzio prozedura abiatu du Frantziako Gobernuak. Nantes Revoltéek salatu du beren aurkako prozedurak hedabide independente oro eta informazio eskubidea mehatxatzen dituela.


Iberdrolaren ontzi batek 16 kilometroko hidrokarburo isuria eragin du Bretainiako kostan

Aeolus ontziak astelehenean eman zuen isuriaren abisua. Konpondu artean, gertaturikoa ikertzen ari da fiskaltza.


Eguneraketa berriak daude