argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2001eko urriaren 14a

EUSKARRI BERRIAK

DUELA urte eta erdi inguru sortu zuen Euskal Kultur Erakundeak webgunea. Orain gune hori garatu nahi du elkarteak. Berrikuntza aipagarriena Ipar Euskal Herriko artisten gida elektronikoa izango da. Musika, dantza, kantua, arte plastikoak, antzerkia edo literatura jorratzen dituzten artisten xehetasunak izango dira bertan. Urtarrilerako jarriko da martxan, eta guztira, hirurehun bat artista bilduko ditu gidak.
Bestalde, artisten xehetasunak ez baina artea digitalizatuko du Nafarroako Unibertsitateak Nafarroako Hezkuntza eta Kultura sailarekin sinatutako akordioaren bidez. Hiru urteren buruan Nafarroako monumentu historikoen argazki katalogo osoa egina izango da.


ANTZERKIAREN UMOREA

UMOREZKO Antzerki Jardunaldiak 20. edizioa du aurten Pasaian. Urriaren 18an hasi eta 21a bitartean honako lanak taularatuko dira. Topo Antzerki Taldeak «Uppsalako banpiroa» estreinatuko du lehen egunean; 19an berriz, Almeriako Basur Teatrok «Nius» taularatuko du; hurrengo egunean Alikanteko Jácara Teatrok «Pasarela Otoño-Infierno» antzeztuko du eta egun berean Swingtzaileak taldeak jazz klasikoa eskainiko du; azkenik, hilaren 21ean Italiako Luciano Federico taldeak «Loko Tidiano» taularatuko du.


ARTIUM-EN ARRAKASTA AZKARRA

APIRILEAN inauguratuko den arren, eta jasandako polemikatik urrun, Gasteizko Arte Garaikideko Artium Museoak bi albiste garrantzitsu jaso ditu. Bata, Madrilen egiten den Arco arte garaikideko nazioarteko azokaren 2002ko edizioaren aurkezpena bertan egingo dela. Azaroan beraz, Artiumen emango da jakitera otsailean burutuko den azokaren egitaraua eta partehartzaileak. Gainera, urtero azokara doazen galerien katalogoak Artiumi emango dizkio Arcok, non liburutegi bat osatuko den. Beste albistea zera da, 2002. urtean Nazioarteko Museoen Konferentzia Artiumen egingo dela. Bertan izango dira Europako arte areto garrantzitusenetako arduradunak.


MIRA ANTZOKIA MARTXAN

USTE baino zailtasun gehiago topatu ditu Iruñeko Mira antzokiak ateak zabaltzeko. Joan den urteko sanferminetan ireki bazen ere, ondoren, itxi egin behar izan zuten. Urtebete geroago, azaroaren 10 eta 11 finkatu dituzte aretoa martxan jartzeko data gisa. Hala ere, joan den astetik Oreka taldeak zirku eskola abian jarri du. Bertan, malabareak, akrobaziak, dantza eta antzerkia ikasi ahal dira bederatzi hilabeteko ikasturtean.


BILBOKO IDATZ HARROBIA

JON Kortazarrek Bilborekin lotura izandako idazleei buruzko «Bilbao, 700 urtez idazten» liburua osatu du. Lehenengo atala euskal idazleei zuzendua dago. Bertan, Rafael Mikoleta, Bizenta Mogel edo Resurrecion Maria Azkue ageri dira. Bigarren atalak gaztelaniaz idatzi zutenak jorratzen ditu, hala nola, Unamuno edo Blas de Otero.