argia.eus
INPRIMATU
Eliza munduaren desafioaren aurrean
Pilar Iparragirre 2001eko urriaren 14a
Bilduta ziren Erroman Eliza Katolikoko gotzainak, Sinodo deitu batzarra ospatzeko. Ordukoan, bi gai garrantzitsu eztabaidatu behar zituzten: apaizen zeregina, alde batetik, eta zuzenbidea munduan, bestetik… Apaizen eginkizunari bueltak ematen hasiak ziren, errazagoa zitzaien nonbait. Haatik, gerorako utzia zuten gairik korapilotsuena, alegia bakoitzari dagokiona emanaz, zuzentasunez jokatuz aritzeko era nola zegoen munduan erabakitzeari zegokiona. Zergatik ote? Horixe azaltzen saiatzen zen ZERUKO ARGIA, bere lehen orrialdean eta editorialean.

ZUZENGABEKERIA NAGUSI
Antza denez, gotzain horien artean bazen gai biak loturik aztertzea nahi izan zuenik ere, apaizen zerbitzu edo ministerioa berez gizartearen arazoekin loturik behar lukeela sinetsita zeudelako, baina ezin izan zituzten konbentzitu Sinodoko besteak, haien ustez gai biak lotzeak "beste teologi-ikuspegi" bat eskatzen zuelako, "apaizaren politiko eta gizartearekiko lotura" onartzen zuena. Gehiegitxo, beraz.
Gotzain inkonformisten jarrera txalotzen zutenetakoa zen Arostegietar Jok, Z. ARGIAren lehen orrialdean idazten zuena. Ez izaki bera gotzain, ordea, ezin bada Erromako bileran Eliz barrutiko egitekoez aritu. Han ez, baina Z. ARGIAn esatea zuen barnean zeramana, eta horixe egiten zuela, lagunak!
"Gaur eguneko mundua zuzengabekeriaz leporaiño beteta dagoala, nork ukatu? Oso aberats, bakar batzuk, eta miseri gorrian gizatalde aundia", eta okerrena, bere ustean bederen, "zoritxarrez, gizon eta erri aberatsenak kristau izenekoak dira…".
Jarraian, munduan zehar antzematen zuen zuzengabekeria azpimarratzeari ekiten zion: "Indarrez giza-eskubideak zapaltzen dituzten agintariak… Askatasunik gabeko erriak nork bere pentsaerak agirian agertzeko, politika, erlijio eta langille arazoetan… Gartzeletan atxilotuok jasotzen dituzten zigor eta makilkada gorriak. Langille, sindikato, politikako elkarteak iñolaz sortu eziñ dituzten erriak. Erriaren nortasun, izkuntza eta etnia oinperatuak arkitzen diran lurraldeak. Razismoa. Totalitarismoa. Hainbeste zuzengabekeria dago munduan!".
Gauzak horrela, hauxe zen Arostegietar Jok-en epaia: desafio gogorra egina ziola Munduak Elizari, hitzetan jartzen saiatzen zen desafioa, hain zuzen ere: "Hogei gizaldi Eliza bizi dala munduan. Nolatan hainbeste zuzengabekeria? Kristoren mezua, Elizak eraman bear dio munduari. Kristoren mensajea onetan datza: Gizon bakoitza eta guziak Kristok maite izan dituan bezela, gizonok elkar maite bear dugu. Gizon guziekiko maitasuna, beraz, Kristoren mezua. Maitasun onek berea du aitormen au: Diñatasunean, aundi dira gizon guziak eta eskubide berdiñak dituzte. Aski indar ote du mezu orrek gaur eguneko zuzengabekeriak lurretik uxatzeko…? Balio al du mundu zuzenagi bat egiteko? Erantzun zuzen eta egoki bat eman behar dio Elizak munduaren desafioari".

ELIZAREN ZUZENTASUNA KOLOKAN
Lanaren egileak bazekien, horregatik, geroxeago bazen ere, hura guztia eztabaida zitekeela Sinodoan. Dena den, eztabaida berari buruz ere izango zituen bere zalantzak, zeren, badaezpada, eskema gisako bat eskaintzen zien Erroman bildutako gotzainei:
"Sinodoaren galdera izan diteke: Zuzenak ote dira gure erakundeak? Elizaren jokabide eta gobernatzeko era beti ote datoz bat gizonari dagokion diñatasunaz? Elizaren bizitza eta egoera ez dira berdiñak emen eta an; jokabideak ere desberdiñak dira; zein dira zuzenak? Zein okerrak?".
Arostegietar Jok kristauak, bere aldetik, horrela ikusten zuen arazoaren zera:
"Sinodoaren erabaki eta agiriak konkretuak bearko lirake. Postura garbi bat beiñik ar beza Elizak. Gogorkeriarik gabe, baiña oso iraultzaille, agertu bear du Elizak. Emeki eta enplastoz konpon ditezkean arazorik ez dugu esku artean. Batzuen geiegikeriari eta erri osoetako miseriari eusten dioten erakundeak azpiz-gora irauli bear dira. Gizon eta erriei, beren askatasun, diñatasun eta aurrerapenak zuzenduko dizkien erakundeak eman bear zaizkie. Errien askatasun billa dabiltzanekin bat egin bear du Elizak. Gizarte zuzen eta berri bat sortzeko burrukan diardutenekin alkartu bear du Elizak. Erri zapalketak eta totalitarismoak gogorki sala bitza Elizak. Diplomazi gutiago eskatuko nioke nik gaur gure Eliza maiteari"
PILAR IPARRAGIRRE

Horra hor berriro ere beste lau urtetarako Thieu "aukeratu". Auteskundeak benetan lotsagarriak izan dira. Auteskundeen itxurarik ere ez dute izan. Oraingo honetan Ipar amerikarrak lotsagarri gelditu dira. Berak nahi zuten lehendakaritzarako besteren bat presentatzea, horrela munduaren aurrean Ego-Vietnameko gobernua erriak aukeratua izan dala agertzeko. Baina ez dute lortu. Nere iritziz, Amerikarrek okasio on bat galdu dute. Behin eta berriz garbi gelditzen da Ipar amerikarren laguntzarik gabe Ego-Vietnameko gobernuak ez lukeala asko iraungo. F. L. N., berriz, gero eta indartsuago azaltzen da erriaren barruan. Katoliko, budista, ikasle eta erriko progresista jendea erakunde honen esanetara ari da jartzen. Baina gauza bat da erriak edo erriaren aldeko jendeak gauza bat nahi izatea eta bestea indarra eskuetan izatea. Eta zoritxarrez munduan ez du arrazoiak agintzen, indarrak baizik

Arabeen elkartea ulertzeko
Egiptok, Siriak eta Lybiak elkarte bat sortu dute. Sudan ere laster bilduko da elkarte honetara. Arabiako lurraldeetan zerbait ari da gertatzen. Lehenago ere horrelako elkarte bat izan zan Nasseren garaian. Siriak eta Egiptok egindako elkarte hura pikotara joan zan. Gaizki atera zan. Oraingoari zer gertatuko ote zaio? (…) Batasun hori bi modutara egin diteke: batasuna errien artean, inperialistei eta baita erriko indar atzerakoiei ere aurka egiteko; batasuna erriaren indarra aurrera eramateko. Baina batasuna egin diteke inperialistei bakarrik aurka egiteko eta bide batez erriko indar progresistei sendotzen ez uzteko. Batasun hau izan diteke beraz iraultzaille eta atzerakoi. Orain egin dena bigarren motakoa da. Inperialisten aurka egiteko laguntza bat izango da, baina aberri bakoitzean opresio andiagoa izango da. Pundu hauek beste batean aztertuko ditugu. Ala ere beldur naiz elkarte hau askatzeko baino zapaltzeko gehiago ez ote den izango... (1971-X-17)

Mitxelena bitxitegia
Iragarkia, 1971-X-17
Bitxitegia-Erlojutegia. Euskaldunak eskatu salneurriak (deskuentoa). Avda. de Francia 1. Irun