argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
TRANSFERENTZIA ETA EKONOMIA
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Aurreko astean, Jaurlaritzako bozeramalea Ikerkuntza eta Garapenerako transferentzia ezaz kexatu eta berau aldarrikatzen zuen bitartean, Espainiako Gobernuko presidenteak eskaera autonomikoez ahazteko eta horiek atzean uzteko garaia dela adierazi zuen. Gure subiranotasun ekonomiko ezaren eta Euskal Autonomia Estatutua agortua dagoenaren erakustaldi publikoa zen. Subiranotasun ekonomiko ezak, EAEn I+Gren garapenaren kasuan, azken hamar urteetan 139.506 milioi pezetaren galera ekarri du, transferentzia horiek ez izateagatik, Josu Jon Imazek esandakoaren arabera. Alegia, Madrilek EAEko herritarrei izugarrizko kopuru hori lapurtzen die, I+G ren garapena aurrera eramateko gure zergetatik kendu behar izan dituztelako. Hau "lege hauste nabarmena" da, Imazen hitzetan. Eta zenbat milioi gehiago zenbatu behar dira beste lege hauste batzuengatik? Ongi da. Lege hauste hau salatzeaz gain -hainbeste lege hauste dira dagoeneko!-, zer gehiago egingo du Eusko Jaurlaritza eta berau sostengatzen duten EAJ, EA, eta EB alderdiek? Desobedientzia zibila bultzatuko al dute esaterako?