argia.eus
INPRIMATU
ZARAUTZEN TXAPARROTAN
2001eko irailaren 30
Ingraxi eta Roke dira Zarauzko "Txaparro" aldizkariko mantxetatik agurtzen ari zaizkigunak. Joan zen mende hasieran aberatsen oporleku izan zen Zarautz; orduko herriaren ohiko irudiak dira hondartzako toldo eta bainujantzi luze marradun txuri-urdinak. Eta handik irten dira bi pertsonaia hauek ere beren "txaparro" luzeekin; Zarautzen bainujantzia izendatzeko erabiltzen den "txaparro" izena bereganatu duen aldizkariari jartzeko. Beren ardura izango da herriko albiste guztiak Zarauzko txoko guztietara barreiatzea.

Joan den ostiralean ikusi zuen argia lehen aldiz "Txaparro" aldizkariak. Duela urtebete hasitako proiektuaren gauzatzea izan da berau. Talde eragilearen helburuak dira zarauztarrek informazioa euskaraz jasotzea, hainbat herritar euskaraz idazten eta irakurtzen ohitzea eta bestela notizia izango ez litzatekeen hura notizia bihurtzea.
Proiektuaren sortzailea Txaparro kultur elkartea izan da: "Gipuzkoan, Zarautz da euskarazko herri aldizkaririk ez duen udalerri bakarra. Ia sinestezina baina egia da" diote taldekoek. Hortik sortu zen herriarentzat beharrezkoa zen informazioa argitaratzeko euskarri baten beharra. Egon badago Zarauzko telebista ere baina helburuak oso desberdinak dira eta ez dira inondik ere elkarrekiko lehiakide.

BIGARREN SAIOA.

Duela urte batzuk "Bina-bina" izeneko aldizkaria kaleratzen zen eta askok pentsa dezakete haren ondotik datorrela "Txaparro", baina hark eta honek ez dute elkarren antzik, ez bada biak Zarautzen banatutako aldizkariak direla. Aldizkari berria egiteko talde berria osatu da, teknologia berriagoa da, aldizkariaren itxura modernoagoa da, eta garrantzitsuena «Txaparro»k aurrera begira erronka berrien ardura hartu duela. Herriko kolaboratzaile finkoen argitalpenekin liburuak argitaratu nahi ditu, Zarauzko ohituren inguruko erreportaia sakonak egin, zarauztarren esamolde eta hizkerak gogora ekarri eta, oro har, barne dinamika berria sortu herri kohesioa bultzatzeko asmoz.
Hasiera batean, hileroko maiztasuna izango du «Txaparro»k, baina urtarriletik aurrera hamabostekari bihurtzeko ahalegina egingo da. Euskara hutsean plazaratuko da eta euskarari dagokionez, euskara batua erabiliko da baina herriko esamolde eta hitzak hobetsiko dira. Hogeita lau orrialde izango ditu; hauek, iritzia, herritarren gutunekin, kale inkestarekin, erreportajea, elkarrizketa, kirola, kultura eta herriko albiste laburrekin beteko dira. Eta hamar mila ale banatuko dira. Itxurari dagokionez, azala koloretan izango da eta barrualdea, berriz, txuri-beltzean.
Erredakzio taldea txikia da. Bost pertsonek osatzen dute: bi erredaktorek, maketatzaileak, publizista eta erredakzio kudeatzaileak. Hauek dira lan finkoa izango dutenak, baina hauez gain, talde eragilea eta kolaboratzaileen laguntza jasoko dute. Talde eragilea erredakzio taldeko bost pertsonek eta beste hamar bat herritarrek osatuko dute. Eta kolaboratzaleei dagokienez, badira alero lan egingo dutenak eta baita noizean behin zerbait idatziko dutenak ere. Hauez gain, kazetari, maketzaile edo argazkilari izan nahi duen edozein ikaslek praktikak egiteko aukera izango du.


HERRITIK SORTUA.

Hasiera-hasieratik aldizkari irekia izatea eta herritarren parte hartzea bultzatzea izango du helburu. Horretarako, lehenik eta behin, proiektuaren aldeko herritarren atxikimenduak bildu zituzten talde eragilekoek. Zarauzko hainbat elkarte, jardunbide eta sektoretako jendearen oniritzia jaso dute halaber. Horien artean, badira izen ezagunak: Anjel Lertxundi, Anjel Illarramendi eta Andoni Egaña, besteak beste.Herritarren babesarekin batera, Udalarena ere jaso dute «Txaparro»koek. Zarauzko Udalak herri aldizkariaren baliabide material eta ekonomikoen ardura bere gain hartu du. Hala, epaitegi zaharreko etxea utzi die, eta proiektua abiatzeko eman duen babesa ere ezinbestekoa izan da.
Aldizkariaren finantzaketa, baina, ez da oso-osorik udalaren esku geratuko. Finantza bide ezberdinak izango ditu «Txaparro»k: batetik, Zarauzko Udalaren laguntzaa; bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena; eta azkenik, publizitatea. Izan ere, iragarkiekin aurrekontuaren %30 finantziatzea espero du.
Topaguneko, Euskal Herriko aldizkarien elkarteko, kide ere egin da "Txaparro". Zarauzko herri aldizkaria da hain zuzen elkarte horretako hogeita hamabosgarren kidea