argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
PRINTZA
2001eko irailaren 30
Joxe Rojasen iritzia da hau «Aizu!» aldizkarian plazaratua:
«Errealitatearen perbertsio hutsa da ikus-entzunezko kultura. Gero eta perbertsio handiagoa gainera. Ikus-entzunezko hedabideek, eta bereziki telebistak, goitik behera aldarazi dituzte egiaren eta errealitatearen kontzeptuak. Telebistan agertzen ez dena ez da existitzen; tutu katodikoak igortzen duen edozer, berriz, egia biribila da, edozein zalantzaren gainetik dagoena.
Duela gutxira arte, Atlantikotik alde honetara behintzat, telebista publikoa izan da nagusi, eta errealitatearen perbertsio ahalmena botere publikoen onerako erabili izan da batez ere. Baina garai horiek ere aspaldi joan dira, eta orain telebista pribatua da jaun eta jabe. Pribatuen helburu nagusia ekonomikoa da argi eta garbi: zenbat eta etekin handiagoa, hobe. Horrek beste urrats bat dakar errealitatearen perbertsio horretan: telebistan agertzen ez dena ez da existitzen... eta dirurik ematen ez duena ez da telebistan agertzen. Beraz, dirurik ematen ez duena ez da existitzen, eta dirua ematen duena egia biribila da. Errealitatea komertziala ez bada, ez da errealitatea».