argia.eus
INPRIMATU
KOLOREAK
2001eko irailaren 30
Hori gorriak ikusteko dago oraindik... Etorkizun beltza dugu aurrean... Gizon hori zuria baino zuriagoa da... Koloreak. Colours deitzen zen garai batean Donovan abeslariak abesten zuen kantarik ezagunenetako bat, orduan oso gazte ginen askok eta askok himnotzat hartu izan genuena. Eguneroko bizitzan koloreak aipatzen ditugu askotan zerbait baloratzerakoan, sinbolo edo eredu gisa erabiltzen ditugu maiz zerbait zerbaitekin konparatzerakoan. Esango nuke gehien erabiltzen dugun baliabideetakoa dela koloreak aipatzeko joera hori. Gaur bertan, «Euskaldunon Egunkaria» hartu eta ikusten dut hirugarren orrian Pako Aristik Berdeak aipatzen dituela, Martin Barriusok "mundua gero eta grisago honetan" dioela eta Mikel Elorzaren artikulua "Herri daltonikoa" deitzen dela. Betidanik aplikatu izan dira koloreak politikagintzarekin loturiko gaietan. Aipaturiko artikulu horretan Mikel Elortzak kolore gorria, urdina, beltza, berdea... aipatzen ditu nazionalista, abertzale, sozialista eta bestelakoen jokabideak azpimarratzeko. Orain agintean ez dagoen lehendakari baten nortasuna eta jokabidea zehazterakoan sarri entzun izan dugu grisa kolorea. Esan bezala, koloreak politikari aplikatuz egindako saioak dira.

Badut adiskide bat daltonikoa dena eta askotan adarra jo diogu akats hori dela-eta. Animalia gehientsuenak daltonikoak omen dira, hots, koloreek ez dituzte ondo bereizten eta askok zuri beltzean ikusten dute. Soilik gizakiek eta tximinoek ikusten omen dugu koloretan. Nahiago izaten dugu, ordea, zenbait gauza zuri-beltzean ikusi, zenbait momentu kolore gutxiko tonalitate horietan gozatu. Nik, esate baterako, filme batzuk eta argazki mota batzuk zuri-beltzean eskatzen ditut. Joan den astean gazte batzuk elkarrizketa egin zidaten Txolarre Irratirako eta azken aldera test moduko bat nik bat-batean erantzuteko, eta hor ere koloreak atera ziren dantzan. Iguiñiz pintoreak dio txikitatik ulertu zuela kolore hutsa dela espresioa eta mezua. Eta halaz ere jende askori ikara ematen diola koloreak. "Pilpiraka ari da bizitza eta argia eta kolorea besterik ez da". Beste margolari batek, Zumetak, aitortzen du koloreak esaten diola nondik jarraitu behar duen, zer egin. "Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea".

Ez dago gaizki kolorez zipriztintzea gure bizitza. Humboldt etorri zenean Euskalerria bisitatzera, 1801. urtean, Getarian hori kolorez pintatuta aurkitu zuen Elkanoren jaiotetxea, eta harritu egin zen. Kolore guztiek oso esanahi ezberdina baitute eta nork bere kolorea du gustoko. Koloreen esanahia eta balioa aldatzen joan da urtetan zehar eta kultura ezberdinen arabera. Rimbaud poeta handiak bokalak ere koloretan ikusten zituen eta "A noir, E blanc, I rouge, U vert, O bleu" idatzita utzi zuen. Kolore beltzak, hemen ez bezala, poza eta alaitasuna esan nahi du Ekialdean eta juxtu kontrakoa kolore zuriak. Idazle askok izuikara handia omen dio zuriz -ezer idatzi gabe- dagoen orriari. Antartidako zuritasun jasanezinak izua, adierazten digu, zuri kolorea izugarria delako askorentzat. Bale famatu hura izuikararen sinbolo dena, zuria zen. Azken finean ez da harritzekoa, zenbait hizkuntzatan zuri eta beltz koloreak sinonimoak izan baitziren antzina. Gure herri honek kolore gehiago behar du, gristasun gutxiago, alaixeago izatekotan. Mendiak, zelaiak berde daude oraindik eta laster marroi-horixtara joko dute udazkenarekin batera. Garai ederra naturarekin bat egiteko, bakean bizi eta aldamenekoa ere bakean uzteko