argia.eus
INPRIMATU
«Istorio erabat berriak dira, pare bat orrialdekoak»
Pilar Iparragirre 2001eko irailaren 30
Nola hasi zinen komikigile gisa?
«Baleike» aldizkaria bultzatzen ari zirenak lagunak nituen, eta bertan hasi nintzen.

Zer motatako pertsonaiak egiten zenituen?
Pixkanaka joan dira sortzen. Hasiera batean herriko erreferentzia gehiegitxo zeuden nire istorioetan, bertakoek bakarrik ulertzeko modukoak zirela iruditzen zitzaidan. Beraz, poliki-poliki hori zabaltzen hasi nintzen. Eta "Euskaldunon Egunkaria"n ere "Baleike" aldizkariko pertsonaia berdinak mantendu ditut.

Baina komiki honetan agertzen direnak ezberdinak dira...
Bai. Hasieran, «Baleike»n ateratako guztien bilduma egiteko asmoa genuen, baina azkenean erabat berria egin dugu. Gainera ez dira marrazki zerrendak, pare bat orrialdeko istorioak baizik.

Arrazoi berezirik lan hau kaleratzeko?
Ez. Hainbeste urtetan kaleratutako marrazkien bilduma egiteko asmoa zegoen eta hartara jartzea baino ez dugu egin. Eskatzea libre denez, diru laguntzen atzetik hasi ginen aurretik, Baleike kultur elkarteak bere aldetik eta nik niretik, baina ez genituen lortu. Orduan zera pentsatu genuen: Baleikeren diruarekin eta nik ere pixka bat jarriz aterako genuela, autoedizio moduan. Azkenengo mementoan, halere, Zumaiako Udalak dirulaguntza eman zigun.

Zenbatean saltzen duzue?
Bostehuna pezetan. Duen formaturako nahiko merke.

Oso eskuzabalak zaretela adierazi nahian, ala?
Ja, ja, ... Gauza ez da irabaziak izatea. Den-denak saltzen baditugu, inprentako gastuak ordaintzeko adina emango du. Hortik gorako etekinik ez da izango.