Familiako medikuak eta lehen mailako atentzioan diharduten profesionalak izango dira datorren azaroaren 14tik 17ra bitartean Donostiako Kursaal Batzar Jauregian bilduko direnak. Kongresu erraldoi hori Osatzen izeneko Familia eta Komunitate Medikuntzako Euskal Elkarteak antolatuko du, espezialitate horrek urtero-urtero Espainia mailan egiten duen topaketa nagusiaren barruan. Aurtengoa XXI. suposatzen da, eta bertan 4.000tik gora parte-hartzaile egongo direla aurreikusten da, mila baino gehiago Euskal Herritik kanpokoak. Eta hainbeste parte-hartzailek Donostialdea osoko hotel guztiak (eta baita Bilbo ingurukoak ere) beteko dituztela aurreikusten da, Euskal Herrian 800 milioi pezetako gastuak eginez.
Baina alderdi zientifikoa da hemen aipatu nahi nukeena. Batzorde antolatzaileko burua den Iñaki Berraondo doktorearen hitzak erabiliz, "familia medikuek biltzen dute pazienteari gertatzen zaionaren informazio guzti-guztia. Eta horrexegatik, pazienteek pertsonetan espezialista bezala ikustea nahiko genuke", beste batzuk bihotzeko edo belarriko espezialista bezala ikusten dituzten bezalaxe. Kongresuaren ardatzetako hiru etorkinen, pertsona edadetuen eta minbiziak jota dauden pazienteen arreta edo atentzioa izango dira. Baina horiez gain, egongo da besterik ere, adibidez osasun-zentroetan kudeaketa edo gestioa aurrera eramateko modu berriak, eta familia plangintza, batzuk aipatzekotan.
Izango dugu datozen asteotan Kongresuaren berri gehiago orrialde hauetan, baina galtza bete lan badute antolatzaileek gisa horretako kongresu izugarria txukun ateratzea nahi badute