argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2001eko irailaren 30

AMARICAREN ALDEKO SINADURAK

HAINBAT artista Gasteizko Amarica aretoaren itxieraren aurka agertu da. Hain zuzen ere, Arabako Kultur Diputatuak orain bi aste esan zuen ofizialki Amarica itxi egingo zela, Diputazioaren aburuz Artium Arte Garaikideko Museoak areto honen eginkizuna beteko baitu. Artista multzo hau ordea, ez dago ados honekin, eta dagoeneko 500 sinadura jaso ditu Amarica itxi ez dezaten.


«DAKIT» ARGITALDARI BERRIA

ARGITALETXE berri bat aurkeztu zen joan den astean Baionako Unibertsitatean. «Dakit» du izena eta dagoeneko lehenengo bi liburuak aurkeztu ditu. Sabin Oregi da argitaldaria. Eta argitaletxeko taldean besteak beste, Helene Dumercq marrazkilaria, Caroline De Otero argazkilaria eta Maitane Ugarte hizkuntz arduraduna daude.


EOS-EN DENBORALDI BERRIA

EUSKADIKO Orkestra Sinfonikoak urriaren 1ean hasiko du denboraldi berria. Lehenengo kontzertu hori Iruñeko Gaiarre Antzokian eskainiko du. Bertan, Ramon Lazkanoren «Ilunkor» obra estreinatuko du. Eta horrez gain, Mozart, Elgar eta Kodalyren obra bana eskainiko du. Guztiak ere Gilbert Vargaren gidaritzapean, eta Dezsö Ranki pianista hungariar famatuaren laguntzaz. Kontzertu hau ondoren, Gasteiz, Bilbo eta Donostian eskainiko du.


ERROMATARRAK IRUNEN

ERROMATARREN garaiko hainbat aurkikuntza egin da azkenaldian Irunen. Azkena, erromatarrek 80. eta 200. urteen artean eraiki zuten zubia. Hori da behintzat Arkeolan elkarteak baieztatzen duena. Joan den otsailean topatu omen zituzten zubiaren lehen aztarnak, baina iraileko marea biziak etorri arte ezin izan dituzte ongi aztertu arkeologoek. Zubia egon zela frogatzen duten egurrezko zutabeak topatu dituzte. Zutabe hauek zera erakusten dute, zubiak sei metro eta erdiko zabalera zuela, eta luzerari dagokionez, ehun metro baino gehiagoko luzera duen zubia izan daiteke. Hala balitz, Europan topatutako egurrezko zubien artean, luzeena litzateke. Zubi honen aurkikuntzatik bi ondorio nagusi atera daitezke: batetik, erromatarrak bertan denbora dezentez egon zirela; eta bestetik, Bordele, Irun, Iruñea eta Mediterraneoa lotzen zituen galtzada bat egon zela.


IRUDI ETA SOINU ESKOLA

PRIBATUA da eta ez du inolako titulaziorik eskainiko. Baina hala ere, Nafarroako lehen Irudi eta Soinu Eskola da orain gutxi Iruñean ireki eta martxan jarri dutena. Bertan, grabazio estudioetako eta produktoretako profesionalak ari dira lanean. Izan ere, alor honetan ikasketa batzuen beharra somatzen zuten. Bertan bideo, telebista eta soinuko kurtso orokorrak emango dituzte; baina baita hainbat ikastaro berezi ere: hala nola, bideo eta telebistako kamera, edizio digitala eta postprodukzioa edota soinu teknikariarena. Guztira, bost grabazio estudio izango ditu: bata, soinu teknikari ikasketetarako, bestea ediziorako, errealizaziorako eta azkena, telebista platoa izango da.