argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2001eko irailaren 23a

EZKER BATUA JAURLARITZAN

ETXEBIZITZA eta gai sozialen saila eskuratu du Ezker Batuak, baina bere zeregina Eusko Jaurlaritzan sail baten kudeaketa soiletik harat joan daiteke, bai Ezker Batuak berak bai beste aktore politiko askok azpimarratu duen gisan. Bakegintza eta -PSE-EErenganako- zubigintza izango ei dira kudeaketaz gaindiko eremu horietakoak. PSE-EEk, ordea, gogor kritikatu du Ezker Batua Jaurlaritzan sartzea: batetik, bere boto emaile asko horrekin ados ez dagoela esanda; bestetik, Jaurlaritzaren jardun soziala ezingo dutela inondik inora baldintzatu azpimarratuz. Balorazioak balorazio, argi da Juan Jose Ibarretxek herritarren aurrean sendotasun itxura handiagoa hartzen duela akordio honekin.


KAZETARIEN KONFERENTZIA

EGUNKARIEN Munduko Elkarteak (WAN) antolatuta Bilbon izandako nazioarteko konferentziak, Euskal Herrian hedabideek bizi duten biolentzia egoera salatu zuten eta berau jasaten duten medioetako kazetariei elkartasuna luzatu zien. Konferentziak Euskal Herriko zenbait medio eta kazetarik bizi duten egoera gogorra salatu zuten, baina ikuspegi nahiko aldebakarrekotik, sakonean ez baitzuten aztertu beharbada kazetal ikuspegi batetik garrantzitsuena litzatekeena, hau da, gatazka egoera bat ematen den leku batean komunikabideek eta kazetariek duten zereginaz eta erantzukizunaz. ETAren aurkako salaketa zen konferentziaren helburua eta hori gauzatua geratu zen. Hedabideen jokaeraren azterketa, aldiz, airean geratu da, eta ez dirudi hori denik, gaurkoz, Euskal Herrian eraginkorrena den komunikazio esparruaren lehen mailako asmoetakoa.


TORTURA, EGON HOR DAGO

EDOZELAKO polizi indarrek atxilotutako pertsona bakarraren tortura salaketak nahikoa beharko luke izan gizartean eta erakundeetan kezka sortzeko. Euskal Herrian, aldiz, dozenaka atxilotu izan dira azken hilabeteetan eta horietako askok eta askok tortura salaketak egin dituzte, nagusiki Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak egindako atxiloketetan, baina baita Ertzaintzak egindako batzuetan ere. Tortura salaketa lazgarriak entzun eta irakurri ahal izan dira. Arazoak, alabaina, ez dirudi kezka handirik sortzen duenik agente sozial eta politikoetan, eta sortzen badu kezka hori ez da behar bezala islatzen edo ez du behar bezalako oihartzunik. Torturaren praktika gero eta ezkutagarriagoa eta zuriagoa da, baina horrek ez du ezabatzen, egon hor dago.


AB-REN BILTZAR NAGUSIA

ABERTZALEEN Batasunak (AB) urriaren 6an biltzar nagusi berezia burutuko du. Berean, bi txosten edo mozio kontrajarriak eztabaidatuak eta bozkatuak izanen dira. Txosten batek ABk korronte edo mugimendu ezberdinen elkargune izaten jarraitzea proposatzen du; mozio hau Batasuna alderdiak sostengatzen du. Beste txostena, Matalas, Burujabe, Herriaren Alde, EMA eta EBko inguruko militanteek sinatua da; laurogei kideek sinatua oraingoz. AB Ipar Euskal Herriko alderdi abertzale erreferentea izan dadin ABren estatutuak aldatzea proposatzen dute mozio honen bitartez. AB azkartu eta Lizarra-Garazi berrestu nahi dute, halaber. Batasunak, berriz, bide horrek zenbait sektore kanpo utz dezakeela uste du; euskal departamendua eta euskararen bultzadan ABk egindako lana azpimarratzen du eta, aitzitik, kezka agertzen du hauteskundeetako aliantza politikekin; AB nagusiki hauteskundeetarako gune gisa mantentzea proposatzen du Batasunak.