Zeintzuk izan dira zuen liburu honen nondik-norakoak?
Miren Azkarate EUTGn hasi zen, 1971n, Letretako karrera ikasten (artean ez zen Euskal Filologiarik). Bost urteren buruan nota disdiratsuz karrera bukatu, Seminarioan urtebetez irakaskuntzan aritu eta EUTGra itzuli zen, 10 urtez irakasle izatera. Oso emankorrak izan zitzaizkion urte haiek: Mitxelenaren gidaritzapean tesia egin zuen eta liburu honen oinarriak eraiki zituen, azken hiru urteetan Euskal Morfologia ikasleei azalduz.
Eta noiz hasi zen zuri dagokizun parte hartzea?
Miren Azkaratek EUTGtik alde egin zuenean, ordezkorik utzi gabe. Nork emango hurrengo urteetan Euskal Morfologia? Besterik ezean, niri sorbaldaratu zidaten. Ordu txarrean, ez baitzen liburuetan gai horren laburpenik! Iruditu zitzaidan hoberena nuela Mirenen beraren eta bere ikasle argi izaniko Esther Zulaikaren apunteetaz baliatzea, ez nuela inon laguntza hoberik aurkituko. Mundu hartan ordurako sartuak zirenek oroituko dira zein tristea zen liburuen eta materialen egoera, horrelako ikasgaiak euskaraz irakatsi behar zituztenentzat. Hutsune hura betetzera dator liburu hau, eta irakasleek ez dute gaurdanik laguntza txikia somatuko.
Nori bururatu zitzaion liburua egitearena?
Niri. Hirugarren urterako jada gaiaren jabe hobekixeago egina nintzen. Are, ukitu bat eman eta ordenagailuz pasa nituen apunteak, faltan ematen nituen literatura zaharreko aipamenez osatuz. Eta halako batean, Mireni deitu eta esan nion: "Uste dut zeure apunte hauek biribildu eta liburu polita eta oso beharrezkoa atera dezakezula". Eta Mirenek aintzat hartu zuen nik esanikoa.